Andoain Laburrean euskarazko bideo lehiaketa aurkeztu da
Egile ez profesionalek maiatzaren 18ra arte izango dute lanak aurkezteko epea
Andoain Laburrean bideo lehiaketak bere 11. edizioa ospatuko du aurten, eta, urtero bezala, ikus-entzunezkoen arloan ez profesionalak diren sortzaileeizuzenduta egongo da. Euskarazko bideo laburrak sustatzea helburu duen Andoaingo deialdi honetan, lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 18a izango da.
Ekimen honen aurkezpenean, lehiaketaren antolatzaileek azaldu dutenez, gaia librea izango da, baina baldintza nagusi bat bete beharko dute lan guztiek: Andoaingo Konpartsako erraldoi batek agertu beharko du bideoan, dela pertsonaia nagusi gisa, dela istorioaren elementu garrantzitsu edo zeharkako gisa. Erraldoia edozein formatutan irudikatu ahal izango da, besteak beste, marrazki, panpina edo bestelako baliabide bisualen bidez.
Gazteak eta euskara
Antolatzaileen esanetan, lehiaketaren xede nagusia da ikus-entzunezkoen munduan dabiltzan zaleen artean interesa piztea, eta, aldi berean, sektore horretan etorkizunean profesional izan nahi duten gazteei beren lanak erakusteko eta publiko egiteko aukera eskaintzea. Horrez gain, euskarazko edukiak sortzea funtsezkotzat jotzen da; izan ere, oinarrietan jasotzen denez, bideoaren hizkuntza eduki guztiak euskaraz izan beharko dute.
Aurtengo edizioan, Beterri eta Aiztondo eskualdeetan bizi edo lan egiten duten edozein adinetako pertsona ez profesionalek hartu ahal izango dute parte. Aurkezten diren lanek lehiaketarako berariaz sortuak izan beharko dute, eta 2025eko maiatzaren 19tik 2026ko maiatzaren 18ra bitartean filmatuak. Halaber, bideoek originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, eta ez da onartuko aurrez beste lehiaketaren batean aurkeztutako lanik.
Lehiaketari buruzko informazio osagarria behar duten parte-hartzaileek eskuragarri dute https://www.andoaindarraeuskaraz.eus/es/euskaraz-bizi/euskera-andoain-laburrean/ webgunean.
Hiru sari
Sariei dagokienez, lehen saria 600 eurokoa izango da, eta bigarrena 400 eurokoa. Aurreko edizioetan bezala, aurten ere Ikuslearen Saria banatuko da. Horretarako herritarrek https://www.andoaindarraeuskaraz.eus webgunearen bidez bozkatu ahal izango dute euren bideo gogokoena maiatzaren 22tik 30era, eta boto gehien jasotzen duen lanaren egileak 250 euroko saria jasoko du.
Lanak aurkezteko, parte-hartzaileek bere datu pertsonalekinhttps://labur.eus/andoainlaburrean estekan dagoen formularioa bete beharko dute. Ondoren, bideoa My Air Bridge plataformaren bidez bidali beharko da euskarazerbitzua@andoain.eus helbidera, .mov edo .mp4 formatuetan.
Sari banaketa ekitaldia 2026ko ekainaren hasieran egingo da Andoaingo Bastero Kulturguneko ekitaldi aretoan.
Ekimen hau Andoaingo Udalak antolatzen du Zine eta Bideo Eskola (ESCIVI)rekin elkarlanean, eta urteotan egindako ibilbideak erakutsi du aurkeztutako lanen kalitatean izandako gorakada eta, bereziki, gazteen parte-hartze gero eta handiagoa. Izan ere lehiaketa honetan gazteak eta sormena uztartzen dira eta ikus-entzunezko lanetan euskararen presentzia areagotze du xede.