Síguenos en redes sociales:

Eula sagardotegiak zabalduko Urnietako txotx denboraldia

Ekitaldia ostiralean burutuko da eta herriko elkarte gastronomikoak protagonista izango dira

Eula sagardotegiak zabalduko Urnietako txotx denboraldiaN.G.

Urnietako Udalak sagardo denboraldiari hasiera emango dio aurten ere, hirugarrenez, herriko sagardotegiekin eta Euskal Sagardoa elkartearekin elkarlanean antolatutako ekitaldiaren bidez.

Aurtengo sagardo denboraldiaren hasiera ekitaldia ostiralean izango da, Eula sagardotegian. Data horretatik aurrera eta apirilaren amaiera arte luzatuko da sagardotegi garaia, Gipuzkoan ohikoa den sasoiari jarraituz. Antolatzaileek azaldu dutenez, ekitaldira gonbidapen bidez sartuko da, hasiera ekitaldiari izaera berezi eta zaindua emateko helburuarekin.

Ekitaldia aurten gertukoa izango da, herriko elkarte gastronomikoek protagonismo nabarmena izango baitute. Izan ere, lehenengo txotxa talde hauen ordezkariek egingo dute, tokiko sukaldaritza eta elkarlan komunitarioa erdigunean jarriz. Hauek izango dira Gure Adarraren sagardoa leloa esateko arduradunak.

Tokiko produktuak eta ekonomia

Urnietak punta-puntako hiru sagardotegi ditu gaur egun, eta horiek guztiak erreferente bihurtu dira eskualdeko eskaintza gastronomikoan. 

Udalak nabarmendu du sagardotegi hauek funtsezko eginkizuna dutela bai tokiko ekonomiaren dinamizazioan, bai bertako produktuen sustapenean. Horregatik, sagardo denboraldiaren hasiera ekitaldiak balio sinboliko handia du, sagardoaren bueltan sortzen den kultur ondarea eta gastronomia tradizioa aitortzeko.

Izan ere, ohikoa den bezala, ekimenaren helburua da bertako sagardoaren eta gastronomiaren balioa azpimarratzea, baita sagardotegiek herriko kultur eta ekonomian duten garrantzia agerian uztea ere.

Honenbestez, ekimen honen bidez Urnietako Udalak bertako produktuen kontsumoa bultzatu nahi du, jasangarritasuna eta hurbileko ekoizpena ardatz hartuta. Sagardotegiak ez dira soilik jateko eta edateko guneak; urteetan zehar, gizarteratzeko eta kultur transmisiorako espazioak izan dira, eta hori guztia azpimarratu nahi da denboraldi hasierako ekitaldi honetan.

Une honetan, sagardotegiak azken prestaketak egiten ari dira, denboraldiari hasiera ahalik eta baldintzarik onenetan emateko eta bezeroei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko xedearekin.

%90 etxeko sagardoa

Urnietako Udalak bere webguneanEula sagardotegiko arduradunari, Aitor Iguarani, egindako elkarrizketa bat argitaratu du eta bertan txotx irekiera ekitaldiaz mintzatu da: “Ideia ona izan zen ekitaldi hauek egitea. Urnietan ere sagardotegi onak daude, sagardo ona egiten da eta jendeari ezagutzera emateko garrantzitsua da. Eta ilusioa egiten du aurtengoa gurean izatea. Ekitaldi politak izan ohi dira”.

Gainera, herriko elkarte gastronomikoek protagonista izatearekin ere ados dago: “Ondo iruditu zait kontsumidoreei protagonismoa ematea. Beraiek dira gure sagardoa erosten dutenetako batzuk eta polita izango da”.

Elkarrizketa berean Iguaranek azpimarratu duenez, %90 edo gehiago etxeko sagardoa dute. “Oso puntu onean bildu genuen. Barietate oso onak ditugu sagardoa egiteko eta oso gustura gaude. Probatu ditugu trasegatu aurretik eta kalitatea ona da. Kolore polita eta usain garbiak”, azpimarratu du. Izan ere, 5.000 sagarrondo eta hamar hektarea eta erdiko sagastia dauka.