Zaintza Denontzat prozesuaren baitan, hirugarren hitzordua egingo da asteartean, azaroak 25, Azpeitiko Azoka Plazako aretoan, 16.30ean.
Bertan, Hernani eta Usurbilen abian jarritako zaintza proiektuak azalduko dituzte bi udalerrietako ordezkariek. Halaber, Pactos de Iruñea eta Banku Partekatua egitasmoak ere aurkeztuko dira.
Azaroko egitaraua
Azaroan zehar hiru jarduera antolatu dira herrian zaintza eredu berriak aztertzeko. Lehenengoa San Martin egoitzan egin zen, heriotzari buruzko kafe tertulia batekin, Lori Anne Thompson psikologian doktoreak gidatuta.
Bigarren saioan, astearte honetan bertan, Azpeitian dauden hainbat zaintza baliabide ezagutzeko aukera izan dute herritarrek.
Erronka nagusietako bat
Biztanleriaren zahartzea gizarteak dituen erronka nagusietako bat da, eta horri aurre egiteko, hamaika ekimen ari dira martxan tokian tokiko administrazioetan.
Azpeitiko Udalak azaldu du astearteko saioaren helburua izango dela “kanpoan garatzen ari diren esperientzia inspiragarriak ezagutzea”, tokiko zaintza eredua hobetzeko baliagarriak izan daitezkeenak.
Jardunaldira bertaratzea ez da ezinbestekoa, baina antolakuntza arintzeko gomendatzen da izena ematea.
Horretarako, udalaren lotura bidez egin daiteke edo Gizarte Zerbitzuetara deituta: 943 15 71 92. Itzulpen zerbitzua ere eskainiko da, eta zerbitzua behar dutenek izen-emate bide berak erabili behar dituzte eskaera egiteko.