Urtero legez Usurbilek Mundualdia, Usurbilgo jatorri aniztasuna ospatzeko festa, antolatu du baina aurtengo edizioak aldaketa bat izango du. Mundualdia azaroan ospatu ohi da, baina aurten abendura atzeratu da, hain zuzen ere, Gazako Sol Band taldea Usurbilera ekarri ahal izateko. Jaialdiak hiru eguneko egitaraua izango du, ekitaldi gehienak abenduaren 12an eta 13an izango diren arren. 

Hortaz, aurtengo hitzordua Palestinari eta palestinarrei elkartasuna adierazteko baliatuko da, eta helburu horrekin osatu da egitaraua. Arestian aipatu bezala, besteak beste, Sol Band Gazako musika taldeko bi kide izango dira Usurbilen.

Gazako Sold Band taldea

Sol Band 2012an Gazako folk musika zale gazte talde batek sortutako taldea da. Sol Band instrumentu tradizionalen eta modernoen konbinazioagatik, genero anitzen fusioagatik eta beren musikaren bidez helarazten duten poza eta energiagatik nabarmentzen da.

Sol Band taldeak kontatu duenez, azken kantuak bonbardaketa betean idatzi zituzten eta bere musika euren sorterriak bizi duen egoera lazgarria munduari helarazteko tresna direla esan dute. 

Azken hilabeteotan iritsi da Euskal Herrira Palestinako taldea eta hainbat herritan kontzertuak eskaini dituzte. Esan bezala bi kide izango dira Usurbilen, eta hitzaldi musikatua eskainiko dute, bi egunetan. Ostiralean, abenduaren 12an, DBH3ko eta DBH4ko ikasleentzako saioa egingo dute, ingelesez, Sutegin. Larunbatean, abenduaren 13an, berriz, herritar ororentzat euren hizkuntzan hitz egingo dute, eta Bilbon bizi den palestinar batek gaztelaniara itzuliko ditu haien hitzak, zuzenean, Askatasuna plazan. 

Beste ekitaldiak

Ostiralera itzuliz, Sol Band taldearen hitzorduaren aurretik, Usurbilgo OLHko, Oinarrizko Lanbide Hastapeneko, sukaldaritzako ikasleek prestatutako hamaiketako berezia dastatuko dute, 12.30ean hasita. 

Larunbatak bi zati izango ditu. Goizean, San Sebastian Cricket Club taldearen eskutik, kriket erakustaldia izango da, 11.00etatik aurrera, Udarregi ikastolaren pareko zelaian; euria egiten badu, Agerialdeko frontoi estalian izango da. Horren ondotik, Eskola Kiroleko partaideek jokatuko dute kriketean. 

Mundualdiaren egitaraua. N.G.

Arratsaldean, Sol Bandeko kideen hitzaldi musikatuaren ostean, ohiko jaki dastaketa izango da. Prestaketa lanetan hasia da Udala dagoeneko, eta, oraingoz, zortzi herrialdetako jakiak dastatzeko aukera izango da, guztira, 14 postutan: Pakistan, Sahara, Nikaragua, Nigeria, Kuba-Euskal Herria, Mauritania eta Kolonbia. 

Jakien dastaketaren unea, gainera, Usurbilen bizi den bakarlari argentinar Leandro Leivaren kantuekin girotuko da.

Jatorri aniztasunaren gaia izango du ardatz, baita ere, haurrentzako zinemaren abenduko emanaldiak: Azur eta Asmar filma emango dute, Sutegin, abenduaren 21an. 17.00etan izango da saioa, doan, baina beharrezkoa izango da gonbidapenak eskuratzea Usurbil Kulturan webgunean. Abenduaren 1etik aurrera hasiko dira banatzen.