Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, Hondarribiko Udalak, Emeki Emakume Elkartearekin eta herriko beste eragile batzuekin elkarlanean, egitarau oparoa prestatu du. Jarduerak pasa den ostiralean hasi ziren eta hilaren 25era arte luzatuko dira, eta herriko auzo eta gune ezberdinetan egingo dira. Helburua da indarkeria matxistaren aurkako mezua zabaltzea, hausnarketa sustatzea eta herritarrak sentsibilizatzea, kultura, kirola eta elkargunea tresna gisa erabilita.
Igor Enparan alkateak programa aurkeztu zenean adierazi zuenez, “azaroaren 25ak ez du data sinboliko hutsa izan behar. Egun honek gizarte gisa daukagun erronka agerian jartzen du: emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztea. Horretarako, ezinbestekoa da erakundeon eta herritarren arteko elkarlana, eta konpromiso kolektiboa sustatzea”. Era berean, nabarmendu zuen emakumeen aurkako indarkeria gizarte osoaren arazoa dela, eta guztion ardura dela egoera hau amaitzea. “Udalak konpromiso sendoa dauka berdintasunean oinarritutako gizarte baten alde, eta egitarau honek sentsibilizazioa, hausnarketa eta elkartasuna bultzatu nahi ditu”.
Bestalde, Tamara Sastre Emeki Elkarteko lehendakariaren hitzetan, “gaur egun, emakumeok diskriminatuak eta baztertuak izaten jarraitzen dugu, emakume izateagatik. Indarkeria matxista gure gizartean oso presente dagoela ikusten dugunez, ezinbestekoa da kontzientziazio ekintza hauek antolatzen jarraitzea urtez urte”.
Bukatzeko, Sastrek Emeki Emakume Elkartea emakumeentzat topagunea dela gogoratu nahi izan zuen, eta gizarte berdinzaleago baten alde lanean jarraituko dutela nabarmendu zuen.
Programari buruz
Emakundek sustatutako ‘Ez da zure arazoa bakarrik, gurea ere bada’ lelopean, Emekik eta Udalak hainbat ekintza antolatu dituzte, Hondarribiko emakumeak “ez daudela bakarrik” gogoratzeko. Horien bitartez elkar zaintzearen garrantzia eta emakumeentzat seguruak diren espazioak sortzearen garrantziari buruzko kontzientzia piztu nahi dute.
Programak ostiral honetan, azaroak 21, jarraituko du. Egun horretan ‘Lohi gorria’ antzezlana izango da Itsas Exean, 19.00etan. Larunbatean, aldiz, Emeki Elkarteak antolatutako Bixi-Bixi emakumeen pala txapelketa azkarra izango da, 10.00etan Jostaldi pilotalekuan.
Arratsaldean, 19.00etan, ‘Más iguales y más libres. Musas y fusas’ kontzertu akustikoa izango da Kultur Etxean. “Kontzertuaz gain indarkeria matxistaren aurkako eta emakumeen berdintusaren aldeko solasaldia egiten dute publikoarekin eta, dakigunez, ikuskizuna egin den beste herrietan jendea oso pozik atera da. Hori dela eta, Hondarribira ekartzea erabaki genuen”, azaldu zuten Emeki Elkartetik.
Emakumeak Korrika
Igandean III. ‘Emakumeak Korrika’ ekimena burutuko da, Ane Bayorekin elkarlanean antolatutakoa. “Ez da lasterketa bat, baizik eta topaketa bat, emakumeek elkarrekin ekintza bat egiteko”, adierazi zuten. Bost kilometroko ibilbidea izango da, eta goizeko 10.00etan oinez egiten dutenentzat hasiko da. 11.00etan, ordea, korrika egin nahi dutenentzat.
Bestalde, astelehenean, azaroaren 24an, 18.00etan Kasino Zaharrean, Hondarribia Marlaxka Xake Klubarekin batera antolatutako Hondarribiko emakumezkoen VIII.Xake Ttopara txapelketa jokatuko da.
Azaroaren 25eko ekimenak
Azkenik, azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, hainbat ekimen izango dira egun osoan zehar. Goizeko 11.00etan, Martxoak 8 plazan ‘Sare morea osatzen’ ekimena egingo da, eta 18.00etan, kontzentrazioa eta performancea izango dira bertan, M8 Asanblada Feminista Bidasoak deituta. Ordu berean, Gaztelekuan ‘Niri-nik’ jarduera egingo da gazteentzako.
Bukatzeko, Udaletik gogoratu dute laguntza eta arreta zerbitzuak 24 orduz eskuragarri daudela, bai 900 840 188 telefono zenbakian sexu indarkeria kasuetarako, bai 900 840 111 telefono zenbakian SATEVIren kasuan (Euskal Jaurlaritzaren emakumeen kontrako indarkeriaren biktima diren emakumeentzako informazio- eta arreta-zerbitzua).