Errezilgo kaleak kolorez eta festaz jantziko dira azaroaren 7tik 16ra bitartean. Herriak San Martin jaiei ongietorria emango die egun horietan, adin eta gustu guztietarako jarduerak uztartuko dituen egitarau zabalarekin. 

Txupinazoa

Jaiei hasiera emango zaie gaur, azaroak 7, arratsaldeko zazpietan, Zelatungo bordakoen eskutik piztuko den txupinazoarekin.

Ondoren, gaztetxoen dantza emanaldia izango da eta Akerra elkarteak herri afaria eskainiko du.

Afariaren ostean, Obaneuke taldeak dantzaldia girotuko du eta atsedenaldian txinga txapelketa jokatuko da. Gauari amaiera alaitsua emateko, 07.00etan gaupaseroen argazkia aterako dute.

Egitarau zabala

Hurrengo egunean, azaroaren 8an, Letea jatetxean ospatuko da bertso bazkaria Nerea Elustondo eta Sebastian Lizaso bertsolariekin, Erkizi eta Julen Labaka trikitilarien laguntzaz.

Arratsaldean, umeentzako jolasak egingo dira eta iluntzean, Euskal Parrillaren eskutik sagardo eta pintxo dastaketa izango da. Gauak Iratzar taldearen dantzaldiarekin jarraituko du. 

Azaroaren 9an, umeen kros herrikoia izango da goizeko 11.00etan, eta ondoren, kalejira herriko erraldoiekin eta trikitilariekin.

Arratsaldean, gurasoen eta guraso ez direnen arteko herri kirol erronka jokatuko da. Hurrengo egunean, azaroaren 10ean, Inguru Abenturaren eskutik paintball eta puzgarriak izango dira haurrentzat.

Azken egunak

Azaroaren 11n, goizeko 11.00etan meza egingo da, eta ondoren, kalejira eta hamaiketakoa Borondegin, musikaz lagunduta. Arratsaldean, Aztikeriak ikuskizuna izango da frontoian 17.00etan. 

Azken eguna, azaroaren 16a, jubilatuei eskainiko zaie. Bazkaria bertsolari eta trikitilarien laguntzaz girotuta izango dute, jaiei amaiera parte-hartzaile eta alai batez emanez.

Autobus zerbitzua

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak adierazi du Lurraldebusen zerbitzu bereziak jarriko direla martxan Errezil eta Azpeitia artean, azaroaren 7tik 8rako gauean.

Lehena 2.00etan aterako da Errezildik eta 2.15ean iritsiko da Azpeitira. Bigarrena, berriz, 4.30ean abiatuko da eta 4.45ean helduko da helmugara.

Ordutegi horiek Lurraldebusen webgunean edo 900 300 340 telefonoan kontsulta daitezke. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Departamentuak garraio publikoa erabiltzea gomendatzen du segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko.

“ Horrelako aisialdietan garraio publikoa indartzea erabilera sustatzeko modu bikaina da, eta, beraz, ohitura jasangarriagoak ezartzea herritarren artean, batez ere gazteen artean, baita itzulera segurua ziurtatzea ere”, adierazi du Azahara Dominguez diputatuak