Josu Iguiñiz Irungo Euskera ordezkariak aurkeztu berri du 'Zinema haur eta gazteentzat' egitasmoa, urriaren 18an abiatuko dena eta azaroaren 23ra arte luzatuko dena. Ekimenaren helburua haur eta gazteen artean euskarazko kultur kontsumoa sustatzea da. Hurrengo bi hilabeteetan, bost asteburutan zehar, hamar pelikula eskainiko dira Ocine Mendibil aretoan.

Iguiñizek azaldu zuenez, “zinema euskaraz ikus ahal izatea normala izan beharko litzateke, baina zoritxarrez ez da horrela. Euskarari aukera ematea proposatzen dugu, ohitura berriak hartzeko eta haur eta gazteak zinema euskaraz ikustera animatzeko. Egitasmo honek eta aste honetan aurkeztutako Euskararen Nazioarteko Egunaren programa zabalak bultzada eta beharreko lekua ematen diote euskarari”.

Saioak larunbat eta igandeetan

Saio guztiak euskara hutsean izango dira, larunbat eta igandeetan, beti 16.00etan hasita. Lehen asteburuan, urriaren 18an 'Superklaus' eta urriaren 19an 'Turuleka oiloa' eskainiko dira; bigarrenean, urriaren 25ean 'Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute' eta urriaren 26an 'Kaixo, Frida!'; azaroaren 8an 'Yuku eta Himalaiako lorea' eta azaroaren 9an 'Klara eta hazi magikoen misterioa'; azaroaren 15ean 'Basatiak' eta azaroaren 16an 'Super Elfkinak'; azkenik, azaroaren 22an 'Patrick' eta azaroaren 23an 'Heidi. Katamotzaren erreskatea' proiektatuko dira.

Sarreren salmenta

Gazteek sarrerak doan eskuratu ahal izango dituzte Irungo Udalaren webgunean, eta helduek haurrekin joateko gonbidapen bana hartu beharko dute. Film bakoitzerako sarrerak eskuragarri egongo dira proiekzioaren astean, asteleheneko 14.00etatik ostiraleko 14.00ak arte. Sarrerarik geratzen bada, Ocine Mendibileko txarteldegian hartu ahal izango dira filma hasi baino 30 minutu lehenago.

Pertsona eta film bakoitzeko gehienez lau sarrera hartu ahal izango dira, bai webgunean bai txarteldegian. Antolatzaileek gogorarazi dute sarrerak arduraz eskatzea, behar direnak soilik hartuz, eta, sarrera hartu ondoren, zinemara joaterik ez bada, euskara@irun.org helbidera jakinarazteko eskatu dute, besteek aprobetxa dezaten.

Bestalde, Euskara arloa helduentzako euskarazko filmak eskaintzeko lanean ere ari da. Pasa den astean 'Maspalomas' filma euskarazko bertsioan eskaini zen Ocine Mendibilen, eta abenduaren 14ean 'Karmele' lana ikusteko aukera egongo da, Euskararen Nazioarteko Egunaren programaren barruan eta dohainik.

Bi film horiek Donostiako Zinemaldian aurkeztuak izan dira eta kritikaren harrera bikaina jaso dute, baita sariak ere.