Urretxuko Urrelur museoak Pozalagua kobazulora txangoa antolatu du
Urriaren 25ean egingo dute, Mineralogia eta Paleontologia Astearen barne
Urretxuko Urrelur museoak Bizkaiko Pozalagua kobazulora eta El Karpin parke ekologikora txangoa antolatu du urriaren 25erako, Mineralogia eta Paleontologia Astearen barne. Izena emateko asteartean irekiko dute eta hilaren 22an itxi.
Antolatzaileek Bizkaia mendebaldeko Pozalagua kobazuloa “zirraragarria” dela diote. “Naturaren zirrara beste inon ez bezala azaltzen da Karrantzako Pozalagua kobazuloan. Beste inon aurkitu ezin daitekeen ikuskizuna eskaintzen du:forma imajinaezinak hartzen dituzten estalaktita eszentrikoen pilaketarik handiena. Grabitate legeei aurre eginez, edozein norabidetan hazten dira, mosaiko liluragarria osatuz”, diote txangoaren aurkezpen idatzian.
El Karpin parke ekologikoak ere merezi du. “Basoko animaliak hartzeko zentroa da. Balio handiko parke ekologikoa”.
Parte hartzaileak 8.20ean elkartuko dira Urretxuko Iparragirre plazan. 10 minutu iraungo duten azalpenen ondoren, Bizkaira abiatuko dira. 11.00etan Pozalagua parketxera iritsiko dira eta 12.00etan kobazuloa bisitatuko dute. 13.15ean Pozalaguako Aizko jatetxean bazkalduko dute. 16.00etan El Karpin parkea bisitatuko dute eta 18.00etan Urretxura abiatuko dira. 20.00ak aldera iritsiko dira herrira.
Helduek 46,40 euro ordaindu behar dute (autobusa, gida, sarrerak eta bazkaria barne) eta gazteek 33 euro (7-16 urtekoak, heldu arduradun batekin joan beharra dute).
Parte hartu nahi dutenek urrelur@urretxu.eus helbide elektronikora mezua bidali behar dute, izen-emate orria beteta. Izen-emate orria urretxu.eus webgunean aurkituko dute.
Txangoaren antolatzaileek hainbat gomendio dituzte parte hartzaileentzat:hamaiketakoa eta edaria eramatea, eguraldiari erreparatzea, mendian ibiltzeko arropa eta aldatzeko arropa eramatea (botak, txanoa, zira...). Autobusean sartu aurretik bota zikinak plastikozko poltsa batean sartu beharko dituzte.
Parte hartzaileek abentura polita biziko dute, baina ez zumarragar batek inguru hartan bizi izan zuena bezain zirraragarria. Zumarragar harek Jon Arana zuen izena eta Torca del Carlista leizera jaisten lehena izan zen, 1958an. Bertan Europako lurrazpiko gela handiena dago (munduko hirugarrena). Jaitsiera izugarria izan zen:150 metro baino gehiagokoa. Izan ere, tximiniak 68 metro ditu eta gelako sabaia lurretik 84 metrora dago.
Arana punta-puntako espeleologo, eskalatzaile eta alpinista izan zen eta beste hamaika balentria egin zituen:gaztetan bidegorrian dagoen tximiniako puntara igotzen zen, motorrean Chamonixera joan zen eta ondoren Mont Blanc mendia igo zuen, Zumarragako kanpandorrera igo zen ikurriña jartzera...
Arana 2009an hil zen, baina lehenago bere azken ametsa bete ahal izan zuen:2008ko ekainaren 28an Torca del Carlistara jaitsi zen berriro, bere lehenengo jaitsieraren 50. urteurrenean. Bertan, Antioko Amaren irudia utzi zuen eta armonikarekin pieza bat jo zuen.