Oarsoaldeko lau Udalek (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia) hainbat kirol elkarterekin batera, Aktibatuz! egitasmoa aurkeztu dute aste honetan. Izan ere, Aktibatuz! izenak kirolaren indarra eta euskararen bizitasuna uztartzea sinbolizatzen du.
Lau Udalek kirol esparrua lehentasunezko alor gisa hartua dute euskararen erabilera normaltzeko bidean. Kirolaren izaera jostagarri edo ludikoak euskaraz aritzeko ohiturak errotzen lagunduko duela sinetsita daude.
Horregatik, martxoan, eskualdeko kirol klubetan euskara sustatzeko programa martxan jarri zuten. Orduz geroztik, egitasmoan parte hartzea erabaki zuten zortzi klubek lanean dihardute Emuneko teknikarien laguntzaz, lau udaletako kiroleko eta euskara alorreko teknikarien koordinaziopean.
Emandako urratsak
Oiartzungo Elorsoro kiroldegian egindako Aktibatuz! markaren aurkezpenean, egitasmoan parte hartzen ari diren eragile eta kirol talde guztiek orain arte egindako urratsen berri eman zuten.
Apiriletik hasita, kirol mahaia deitutako egitura sortu zuten zortzi elkarte horiek. Iraila bitartean, egoera orokorraren eta klub bakoitzaren diagnostikoa egin zuten elkarteek, eta orain, urritik aurrera klub bakoitzaren plana landuko dute Emunen aholkularitza teknikoarekin.
Proiektuaren helburua izango da kirol klub bakoitzak bere errealitatetik abiatuta eta aldi berean besteen ibilbideetatik elkar ikasiz, hizkuntza kudeaketa egokirako urratsak zehaztea eta urrats horiek martxan jartzea.
Parte-hartzaileak
Egitasmoan parte hartzen duten klubak hauek dira: Errenteriako Touring eta Ereintza, Lezoko Allerru eta Munttarpe, Oiartzungo OKE eta Otxe eta Pasaiako Trintxerpe KE eta Pasaia KE.
Agerraldian ere lau Udaletako kiroleko eta euskarako ordezkari politikoek, Leire Mazizior, Mireia Kuesta, Iker Salaberria, Edorta Fernandez, Julen Rodríguez eta Laura Ré parte hartu zuten. Haiekin batera izan ziren Gipuzkoako eskubaloi eta futbol federazioko arduradunak ere: Arantxa Arzak eta Manu Díaz.