Oiartzunen urriaren 11tik azaroaren 2ra Euskal Kultura Bizirik proiektua burutuko da. Ekitaldi honek, bi eskultura erakusketa izango ditu: lehenengoa Pizkunde garaiko San Juan kaperan tamainu txikiko eskulturekin eta bestea Arizmendieneako lorategian formatu handiko obrekin.

Euskal Kultura Bizirik proiektua Pagoarte kultur elkarteak antolatu du, Oiartzunen 1997 urtetik kultura eta artearen sormen ekimenetan ari den taldea. Proiektuarekin lortu nahi duen helburua gaur egungo euskal eskultura ezagutzera ematea da eta bide batez eskulturak euskal kulturan daukan eta izan duen presentziari jarraipena ematea, euskal nortasunaren ezaugarria mantenduz.

XVII. mendearekin zubia eginez

Horiek horrela, San Juan kaperan Jeronimo Larrea gipuzkoar eskultore bikainaren XVII. mendeko erretaularen aurkezpena egingo da. Barroko garaiko Gipuzkoako eskultura aberatsa, bisita gidatu eran erakutsiko du Elena Zalakain historialariak. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, azalpenetan “Gipuzkoako Ipuskoaren milurtean, ondareak duen garrantziari indarra emango zaio”.

Erakusketa berean, kaperan, gaur egungo zortzi eskultoreen lanak ikusteko aukera egongo da, barroko garaiko errataula garrantzitsuarekin zubi bat eginez. Bertan ikusgai egongo diren lanak eskultore hauenak dira: Ainara Lasa, Idoia Beratarbide, Onintza Etxebeste, Belen Moreno, Anton Mendizabal, Lorentxo Garmendi, Pablo Zuriarrain, Juan Aizpitarte eta Mikel Barrero. Zortzi eskultore hauek beraien lanak azalduko dituzte ingurune intimo eta diafano batean.

Erakusketa honen inaugurazioan, urriaren 11n 12.00etan, eta baita ekimenaren azken egunean, azaroaren 2an 18.00etan, Anton Mendizabalen Akorde soinu-eskulturaren aurkezpena egingo da Alaia Belaunzaran harpajolearekin batera. 

Arizmendienean, beste zortzi lan

Bestalde, urriaren 11n 13.00etan Aizmendieneako lorategian zortzi eskultura handien erakusketaren inaugurazioa egingo da. Hemen Gillermo Olmo, Blanca Sagasti, Iñigo Aristegi, Anton Mendizabal, Pablo Zuriarrain, Uxue Lasa eta Leire Sanz de Aja eta Javier Pérez eskultoreen lanak ikusgai egongo dira. 

Aipatutako bi erakusketetaz gain, beste ekitaldi batzuk ere antolatu dira. Izan ere, Oiartzungo eskoletako gazteek urriaren 17an, 17.30etik aurrera, Arizmendieneako lorategian, berrarabilitako edo birziklatutako materialekin eskulturak sortuko dituzte.

Gainera, urriaren 26an, 11.00etan, Lorentxo Garmendiak Arizmendieneako lorategian arte iragankor edo arte efimeroko sortze lanak burutuko ditu. Arte mota hau denbora mugatu batez existitzen den eta iraunkorra ez izateko diseinatuta dagoen edozein artelani dagokio, iraunkortasuna eta desagerpena adierazpen-elementu gisa erabiliz. Hainbat diziplinatan agertzen da, hala nola ekintza-artea, aldi baterako instalazioak eta arkitektura iragankorra, degradatzen edo desagertzen diren materialak erabiliz, hala nola izotza, hostoak edo harea.

Garmendiaren kasuan itsasotik datozen elementuekin (enborrak, harriak, plastikoak...) oreka mantentzen duten eraikuntzak egiten ditu. Azkeneko lanak Igeldoko kostaldean egin izan ditu eta marea igotzean berriz itsasoak elementu horiek eramaten ditu.

"Ondarea eta artea, eskuz esku"

Euskal Kultura Bizirik proiektua azaroaren 2an 18.00etan amaituko da. Arestian aipatu bezala egun horretan berriro Jeronimo Larrearen erretaularen azalpena emango da eta Anton Mendizabalen Akorde soinu eskulturaren aurkezpena errepikatuko da Alaia Belaunzaran harpajolearekin batera.

Azkenik, bi erakusketen itxiera ekitaldia burutuko da.

“Inoiz ez da egin eskulturaren inguruan horrelako esperientzia parte-hartzaile osatuagorik, ondarea eta artea, eskuz ezku eta adin desberdinetako sortzaileak eta ikusleak elkartuz”, aditzera eman dute antolatzaileek.

Pagoarte elkarteak ekimen honen antolakuntza Eskuhaldunak, euskal eskultoreen elkartearen laguntza izan du.

Oiartzungo Udala, Oiartzungo Abaraxka udal ludotekaren, herriko ikastetxeen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren parte-hartzea ere jaso du.