Zazpi egun falta dira jende asko erakarri ohi duen festarako: Maritxu Kajoi. Urriaren 3an ospatuko da aurten Arrasateko egun kuttuenetariko bat. "Dotorezia, umorea eta aldarrikapena uztartuta" dator aurtengo jaia, Komisiñoko kideen esanetan. "Heldu da armairuak zabaldu, hautsa kendu eta atera beharrekoak ateratzeko ordua", gaineratu dute.
Gazta eta ardoa
Motorrak berotzen joateko, gaur 'nobenaixua' izango da, urtero lez, Herriko plazan, 18.30ean hasita. Aurten, gaztetxea astero ekintzaz betetzen duen Kooltur Ostegunak ekimena omenduko dute, euren arduradunei inbutu preziatua emanez. Gazta eta ardoa ere banatuko dituzte herritarren artean.
Soineko, alkandora eta txalekoetan jantziko den eskapularioen mezua ere zabaldu dute: "Jaixa ez dau Israelek finantzietan!. Taberna laguntzailiek eta eskapulaixo zaliek, bai!".
Beste urte batez, Ane Agirrek eta Miren Barrenetxeak egin dute jaia iragartzen duen kartela.