Lezoko santakrutzetan larunbatean Baserritar eguna ospatu zen. Ohi den bezala, eguna goizean goiz hasi zen Josetxo Etxandi pilotalekuan ganadu feriarekin. Han izan ziren zaldiak, behiak, ardiak, arkumeak, idiak... goiz osoan zehar. Ume eta heldu ugari gerturatu ziren animaliak ikustera.
Bertan, Lezoko sagarrondoetako lehenengo zukua dastatzeko aukera ere izan zuten txikienek.
Bitartean, 11.00etatik aurrera haurrentzako jolasak antolatu ziren batzuk Goiko plazan eta herri kiroletan inspiratutakoak Saldise plazan.
Bazkariak eta bertsolariak
Goiza amaitzeko paella txapelketa eta Ixkulin eta Tiñelu elkarteeko baserritar bazkaria izan ziren, azkeneko honetan bertsolariak izan ziren; Ixkulin elkartean Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña eta Tiñelu elkartean Saioa Alkaiza eta Onintza Enbeita. Goiz eta arratsaldean idi-demak egon ziren probalekuan.
Arratsaldean zer gozatuaz ere izan zen: antzerki musikatua, Hamarru elektrotxaranga, patata tortilla txapelketa, buruhandiak eta Ezten Giro taldearekin erromeria Gurutze Santuaren plazan.
Garagardo festa
Igandean festetako azken eguna ospatu zen, nahiz eta eguraldiak ez lagundu.
Nahiz eta santakrutzak amaitu, datorren astean, 25etik 27ra garagardo festa izango da eztarriak bustitzeko. Herria alaitzeko, musika eta txarangak arituko dira.