“Dolua diskoaren ardatza da, kanta batzuk doluan babesa ematen diguten pertsonei dedikatuta daude”
Ilargik bere ibilbideko hirugarren lanaren lehen aurrerapen kantua kaleratu du: ‘Hil artean bizi’
Ilargik aita galdu zuen 2022an. Ondorioz ohartu zen gizartean doluaren inguruan eraikia dagoen tabuaz. Hortik abiatu zen bere sorkuntza berriaren ikerketan murgiltzeko. Hala iritsi zen egungo gizartean hain ohikoa den minbiziaren gaia jorratzera. Lezoarraren diskoa azaroan argitaratuko da eta aurrerepen kantua eta bere bideoklipa dagoeneko Youtuben ikus daitezke.
Lan berriko lehen kantuan minbiziaren inguruan hitz egiten duzu, horretarako Inurri komunitatearen laguntza izan duzu.
Kantu hau hasieratik Inurriko jendearekin landu nuen beraien testigantzak jasotzeko eta bideoklipan parte hartu duten gehienak Inurrikoak dira. Beraiekin komunikazioan egon naiz eta kanta eta bideoklipa partekatu diet eta hunkigarria izan zaiela esan zidaten eta horrelako kanta bat egitea eskertu zidaten. Baina nik ere beraiei asko eskertzeko daukat, pila bat erakutsi didatelako. Hartu-eman bat izan da.
Diskoa tabua den gai baten inguruan hitz egiten du.
Dolua diskoaren ardatza da eta kanta batzuk dolu mota desberdinetaz aritzen dira, kasuistika desberdinetan ematen diren doluen inguruan. Gero beste batzuk doluan ematen diren egoera batzuen inguruan mintzatzen dira eta azkenik, doluan babesa aurkitzen dugun pertsonei dedikatuak daudenak daude. Beraz, doluaren barruan hiru adar horiek jorratzen dira.
Zure hirugarren diskoa egin duzu, eta honetan salto bat antzematen da. Heldutasun maila handiagoa ikusten da.
Ni ez naiz hain kontziente horretaz, baina inguruko jendeak esan dit. Disko honetan nik egin ditut konpoketak eta beldurra ematen zidan atzerapauso bat izatea kanpora begira, baina esan didatenarengatik ez da atzerapauso bat izan. Bestalde, gaia ere beste heldutasun batetik heldu dut, gu ere bizitzan heldutzen goazelako.
Zein da disko baten abiapuntua?
Disko honen kasuan, eta aurrekoan ere, buruan gai bat nuen. Lehenengo diskoan, ordea, joan nintzen kantak sortzen eta gero elkartu nituen. Gainera, disko honen kasuan ikerketa bat egon da, doluaren ingurukoa. Azkuna Zentroko Master amaierako lanerako abiatu nuena. Ikerketa horretatik, disko honen prozesua izan da testigantzak jasotzea, testigantza horietatik gorputzean gelditu zaidan sentsaziotik kantak sortzea eta nire buruan gelditutako run-run horretatik beste kanta batzuk atera dira. Beraz, lehen esan dudan bezala, kanta batzuk dolu mota bati buruz hitz egiten dute eta beste batzuk doluan ematen diren egoera desberdinei buruz. Niri gertatu zait, nahiz eta nire dolua beste baten doluarekin zerikusirik ez izan, bat-batean gauza komun batzuk daudela ohartaraztea. Orduan nire burua ulertzen dut besteen bitartez.
Eta musikalki, nola sortzen dituzu kantak zerotik abiatuta?
Kantak beti gitarra eta ahotsarekin sortu izan ditut, baina disko honen desberdintasuna izan da taldea neukala eta nik elektrokikak eta konponketak egin nahi nituela. Gero grabaketa estudioan kanta zerotik jotzen hasi ginen zein energia eta testura ateratzen ziren ikusteko. Ondoren, etxean elektronika, sinteak eta efektuak gehitu nizkion eta azkenik entseguetan adaptatzen joan ginen. Hori izan da prozesua.
Babesa izan duzu zure herrian kontzertuak emateko?
Bai, nik esango nuke Oarsoaldean orokorrean babesa jaso dudala. Oreretatik ere babes handia jaso dut. Ez da erraza izaten artista txikientzat espazio bat aurkitzea; gainera gaur egun trap-a gehiago eramaten da beste musika estilo bat egiten dugunok baino. Hala ere, aukera desberdinak izan ditut inguruan jotzeko eta hori eskertzekoa da. Adibidez, Oreretan Ernaikoek askotan eman didate aukera.
Sare sozialetan zure lanak ere oihartzun handia lortu du. Ezinbesteko tresna da musikarientzat?
Ematen du sare sozialetan ez bazaude, ez zarela existitzen. Nik esaten dut sare sozialak direla un arma de doble filo: oso modu ona da zure musika zabaltzeko, erraza eta pixka bat kontrolatuta dagoena, ni zenbait komunikabideetan nago kolaboratzen eta azken finean sare sozialetatik zabaltzen dut nire lana eta pixka bat manejatzen naiz; baina batzuetan musikari lana egin ordez, komertzialtasunaren aldeko lan bat, artistikoa baino. Baina alde artistikoa bilatzen saiatzen naiz.
Azaroan aurreikusten duzu disko berria estreinatzea. Aurkezpen publiko bat egingo duzu?
Ideia da aurkezpen bat egitea. Nik badut ideia bat buruan, baina oraindik lotu behar dut. Buruan daukadana egin ahal badut, niretzat oso berezia izango litzateke. Oraindik prestatu behar dut eta ea uzten didaten egitea.