Lezoko Santakrutz jaiak, ohi bezala, hilaren 13an hasiko dira txupinarekin eta irailaren 21era luzatuko dira. Egun seinalatuenak datorren igandea, Santakrutz eguna, eta hilaren 20a, Baserritar eguna, izango dira. Aurten, berrikuntza gisa, txupinazoaren aurretik Israelen genozidioaren aurka antolatu duten manifestazioa izango da. Alkateak, Mikel Arrutik, herritarrei parte hartzeko deia luzatu die “kaleak elkartasunez” betetzeko.
Hala ere, asteburu honetan dagoeneko giroz beteta egongo da Lezo, izan ere Altamirako jaiak ospatuko dituzte eta Olinpiadak zein Gazte Eguna ere asteburu honetan izango dira. Altamirako jaien eta Santakrutzetako festen egitaraua udal webgunean daude eskuragarri. Datozen egunetan iritsiko da egitarauaren eskuorria etxe guztietara.
Jaien aurkezpenean, Jon Legorburuk, Kultura zinegotziak, azpimarratu zuenez, 70 ekitaldi baino gehiago biltzen ditu aurtengo egitarauak. Ohiko danborrada, herri bazkaria, kalejirak, haur eta gaztetxoenentzat jolasak, herri kirolak, musika, antzerkiak eta askoz gehiago izango dira jaien bitartean.
Alkateak adierazi zuenez, dozenaka jarduera izango dira herrian gaztetxo zein helduenentzat, “jai anitz, inklusibo eta aberasgarriak bizi ditzakegu eta hori santakrutzak antolatzen ibiltzen diren herriko eragile eta norbanako guztiei esker izaten da. Urte osoan eta bereziki azken hilabetetan Jai Batzordean parte hartzen duten lezoarrei eskerrak eman nahi dizkiegu”.
Ferianteekin akordioa
Baina Lezoko Udalak Jai Batzordeak antolatutako ekintzetatik haratago ere aurrerapausuak eman nahi izan dituela azaldu zuen Legorburuk: “Udala eta ferianteak akordio batera iritsi gara herriko festak alaitzeaz gain, barrakek eragin positiboa eduki dezaten jaietako bizikidetzan”. Kultura zinegotziak adierazi zuenez, akordio honekin, esaterako, egunero 17.00etatik 18.00etara bitartean ez da musikarik egongo atrakzioen gunean, autismoa edo entzumen-hipersentikortasuna duten pertsonek ere modu seguruan goza dezaten.
Beste aldaketa bat izango da bertan entzungo den musikaren %80 euskaraz izango dela. “Horregatik oso pozgarria da jaietan ere bizikidetza eta errespetua oinarri duten aurrerapausuak ematea”, nabarmendu zuen.
Aurten irailaren 18a umeen eguna izango da. Egun horretan, 1,5 euro balioko du bidaia bakoitzak barraketan, 2,5 euro ordez.
Jai seguruak
Amaitzeko, Eneritz Arrutik, Berdintasun zinegotziak azpimarratu zuenez, “azken boladan gorrotoz betetako diskurtsoak gehiago eta ozenago entzuten ditugu, gizartean indarkeria sistemikoa betikotzen duen narratiba gero eta nabariagoa da. Horren aurrean, espazio seguruak eraiki eta mantentzea, erasorik gabeko guneak ahalbidetu eta edozein egoera deserosoren aurrean erantzuna ematea denon erantzukizuna da”.
Hortaz, Udalak festetan ere babes kolektiborako tresnak ahalbidetzeko konpromisoa du eta bide horretatik jarraituz herriko mugimendu feministarekin elkarlanean sortutako protokoloa mantenduko dute. Indarkeria matxista kasuetan arreta eta salaketa telefonoa ahalbidetuko da (688 696 204). Irailaren 13, 14 eta 20ko gauetan erabilgarri egongo da 24.00etatik 06.00etara bitartean.