Usurbilera bizitzera etorritako pertsonei herria eta herritarrak bertan jaiotako pertsonen bidez ezagutzen laguntzeko helburuarekin, 2023ko udazkenean, HarEman programa pilotua abiatu zuen Usurbilgo Udalak. 

Prozesua amaituta egindako balorazioa oso positiboa izan zenez, 2025ean berriz martxan jartzea erabaki zuten. Lehenengo esperientzian zortzi bikotek parte hartu zuten. Orain, bigarren edizioa martxan jarri da eta sei bikote apuntatu dira. Orduan bezala, oraingoan ere Udalak bultzatutako programa Zabalduz kooperatibarekin gauzatuko da. 

Berritasunak

Bigarren deialdian, bi berritasun izan dira: izena emateko aukera urte osoan zabalik izatea, eta bakarka zein taldean parte hartzeko aukera eskaintzea. Horren aldeko hautua egin du zenbaitek, izatez.

Honenbestez, hilabete honetan, proiektuaren nondik norakoak xeheago azaldu eta parte-hartzaile guztiek elkar ezagutzeko saioa egin zuten, Emakumeon Etxean. 

Bikote bakoitzak bere prozesua egingo du, orain: astean behin elkarrekin adostutako planak egingo dituzte, etorri berriek Usurbil eta usurbildarrak ezagutzeko aukera izan dezaten eta Zabalduz kooperatibako kideen laguntza profesionala izango dute, sei hilabetez. Gero bikote bakoitza bere kabuz elkartuko da hala adosten badute.

Uztaileko saioan sortutako giroa nabarmendu du Zabalduzek, eta azaldu dutenez, parte-hartzaileen ekimenez, nork bere dinamika propioa jarraitzeaz gain, tarteka talde osoa elkartzea ere erabaki zuten.

Ondo bidean, hurrengo bikote sorta 2026 hasieran osatuko bada ere, urte osoan dago izena emateko aukera. Galdetegi bat betetzea nahikoa da horretarako, eta bestelako zalantza, argipen edo informazioren bat nahi duenak bestelako bideak ere baditu eskura: hareman@zabalduz.eus helbide elektronikoa, 722 446 156 telefonoa edo programari buruzko Udalaren orrialdea. 

Bigarren aldiko bikoteak osatuta, hemendik aurrera izena ematen dutenekin hurrengo aldirako zerrenda landuko da.

Harrera Herria

Jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen lan-ildoari jarraituz, azken urteetan hainbat proiektu egin dira harrera herri izateko ahaleginean. Bi eremu landu dira: Udalari dagokiona eta komunitateari lotutakoa. 

Udalari dagokionez, egindako lanaren emaitza dira, besteak beste, Aniztasun Kontseiluaren sorrera, Emakumeon Etxean eskaintzen den harrera zerbitzua, erroldatzearen garrantzia azaltzeko eskuorria edo baliabideen gida berritu eta oinarrizko hiztegi bat sortu izana.

HarEman programari buruzko eskuorria N.G.

Gainera, gogorazi dutenez, etorri berriek haiei zuzendutako ekimen eta bestelako zerbitzuen berri izan dezaten errazteko, panel informatibo handi bat jarri zen, martxoan, udaletxeko atarian, eta ondoan jarrita daude, eskura, herriko baliabideen gida berritua, erroldatzearen inguruko azalpenak, oinarrizko hiztegia eta HarEman programaren eskuorria.

Udalak egin dezakeenaz gain, ordea, komunitateak egin dezakeen ekarpena handia izan daitekeela iritzita jarri zen martxan HarEman programa. Modu boluntarioan aritzen dira parte-hartzaileak, baina oso aberasgarria dela deritzote