Erakundeetako ordezkariek ArcelorMittalena zen lursaila bisitatu dute Zumarragan. Metal 78k katalizatzaileak birziklatzeko fabrika irekiko du bertan. Lantegia 2026 hasieran irekiko dela iragarri dute.

Bisitan Alejandro Dorado Espainiako Gobernuko Ekonomia Zirkularreko ordezkariak, Iñaki Ruiz Ekonomia sailburuordeak, Josu Bilbao Ingurumen sailburuordeak, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak eta Mikel Serrano alkateak parte hartu dute.

Metal 78k autoetako katalizatzaileetatik hiru metal preziatu berreskuratuko ditu: platinoa, paladioa eta errodioa. “Mineral horiek behar ditugu, baina Europan ez ditugu. Irailean obra zibila hasiko dugu eta ondoren instalazioa. Gure asmoa 2026ko hasieran lanean hastea da. Urtean 400 tona katalizatzaile birziklatuko dugu”, azaldu du Jose Manuel Murielek, Metal 78ko zuzendari kudeatzaileak.

Horretaz gain, eskerrak eman dizkie Doradori eta gainontzeko erakunde eta enpresetatik joan zirenei. 

Dorado pozik agertu da. «Europatik 5 milioiko diru-laguntza lortu dugu. Egitasmo honi esker, gastua zena (katalizatzaileak trata-tzea), irabazi bihurtuko dugu. Gainera, gure mendekotasuna gutxituko dugu. Europaren autonomia handitzen lagunduko dugu, aktibitate ekonomiko jasangarri baten eskutik. Materialak ahalik eta gehien erabili behar dira, aipatutako autonomia eta jasangarritasuna sustatzeko. Gainera, lantegi honetan kalitatezko lanpostuak sortuko dira”.

Serranok Zumarraga ekonomia zirkularrean erreferente izango dela esan du. “Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sekulako lana egin dute. Halako elkarlana ez da ohikoa. Eskerrak eman nahi dizkiet guztiei”.

Bilbaok Eusko Jaurlaritzak egindako lana gogoratu du. “2022an jaurlaritzak lursail hau erosi zuen eta ordutik 15 milioi inbertitu ditu lursaila garbitzen eta egokitzen. Gainera, Eusko Jaurlaritzak Metal 78 enpresaren akzioen %19a du. Hala, enpresa horrentzat ona dena, denontzak ona izango da”, esan du.

Asensio ere pozik azaldu da. “Lursaila bete egin behar zen eta proiektu estrategiko batekin lortu dugu hori. Kalitatezko enplegua izango dugu, Gipuzkoako teknologiaren eskutik”.

Metal 78 enpresa Zumarragaren historian toki garrantzitsua duen lursail batean kokatuko da: Esteben Orbegozo enpresak herriaren industrializazioari bultzada eman zion tokian. 

Hainbat gorabeheren ondoren, Esteban Orbegozo enpresa zena ArcelorMittalen esku bukatu zuen. Honek, Zumarragako lantegiaren itxiera iragarri zuen 2016ko udaberrian. Langileak itxieraren aurka mobilizatu ziren arren, lantegia itxi egin zen. Duela urte batzuk, Eusko Jaurlaritzak hamabost hektareatako lursaila eskuratu zuen (Metal 78 enpresaren pabiloia barne). 2016tik hainbat saiakera izan dira ArcelorMittalena zen lursailean enpresak ezartzeko eta Metal 78rena aurrera aterako den lehen proiektua da.