Urnieta: Xoxokak eskolaren mendeurrena ospatuko du
Udalak igandean omenaldia egingo dio era eraikinaren historiarekin panel bat ipiniko du
Xoxokako eskolako eraikinak uztailaren 2an ehun urte bete zituen eta horiek horrela Urnietako Udalak, Xoxoka-Goiburu auzo elkartearen laguntzarekin, gaur, 11.00etatik aurrera, omenaldia egingo dio.
Ekitaldiaren baitan, panel bat bistaratuko da eraikinaren informazioarekin sarreran dagoen iturriaren ondoan, eskolaren historia azalduko da eta auzoko haurren dantza, musika eta bertsoez gozatzeko aukera izango da.
“Ikasle asko ere egongo dira eta kartela aurkeztuko duenetako bat Izaskun Miner herritarra izango da, gero hamaiketakoa antolatuko da. Ekitaldi xumea izango da”, laburbildu du Mikel Artola zinegotziak.
Berak aditzera eman duenez, igandeko ekitaldian, eskolako azkeneko irakaslea izandako Pepita Camposen alaba izango da. “Gure gonbidatua izango da eta deitu genionean ilusio eta emozio handiarekin hartu zuen gonbidapena”, gogorazi du Artolak.
Pepita andereñoa Zaragozakoa zen eta 40 urterekin alargundu egin zen. Donostiara etorri eta eskolak ematera Urnietara bidearatu zuten 70 urte zituela erretiroa hartu zuen eta orduan itxi behar izan zen eskola. Hau 1973an urtean izan zen. “73tik eskolak ez eman arren, Xoxokako biztanle guztientzat Xoxokako eskola izaten jarraitzen du”, azpimarratu du zinegotziak.
1925eko uztailaren 2a
Xoxokako eskola 1925eko uztailaren 2an ofizialki inauguratu zen, baina hau sortzeko lanak urtebete lehenago hasi ziren.
Udalaren webgunean jasotzen denez, 1924an, Urnietako Goiburu auzoko baserritarrak elkartu ziren. Herriko Eskola Publiko Nazionalera joateko zailtasunak zituzten haur askok, batetik oso urruti zegoelako bizitokia eta bestetik neguan bidaia hori asko zailtzen zelako auzoan. Ondorioz, haur asko eskolaratu gabeak ziren eskola bat behar zela erabaki zuten. Aukera desberdinak eztabaidatu ondoren, Kintalaenean eskola txiki bat jartzea erabaki zuten.
Maiatzaren 30ean, Urnietako Udalean, irakaskuntza sustatzeko Tokiko Batzarra eratu zen eta bertan erabaki zen Kintalaeneako eskola berriak gutxieneko baldintzak betetzen ez zituenez irtenbideren bat bilatu behar zela.
Eskola berria
Urnietako Udalak eraikin berria egitea adostu ondoren, Antonio Setien arkitektoari eskatu zion proiektua egitea.
Hurrengo urtean, 1925ean, urtarrilaren 18an, auzotarren bilera egin zuten eskola berria non kokatu erabakitzeko. Egun batzuk beranduago, urtarrilaren 24an, eskola berria Xoxokan izango zela erabaki ondoren, auzotarrek euren laguntza eskaini zuten eraikitze lanetan laguntzeko.
Otsailaren 12ko idazki batek dio eraikin berria eraikiko zen gunean eraikitzeko nahikoa harri eta hondar (gertu zegoen Altzibargo harrobitik) eta pago egur (Zilegi mendietatik) pilatu zutela auzotarrek eta lanean hasteko prest zeudela.
Aurrekontua20.700 pezeta izan arren, auzolanari eta Foru Aldundiak emandako 4.000 pezetako dirulaguntzari esker eskola berria eraikitzea ez zen 13.000 pezetetara iritsi.
Gaur egun guztiz eraberritua dago eskolako eraikina eta Udalarena da. Auzo elkarteak kudeatzen du, elkargune moduan eta zenbaitetan ekitaldi desberdinak antolatzen dituzte, magoak, ikuskizunak...