Igandean, uztailaren 6ean, Errenteriako Niessen kulturgunean, Bizitu familia zinema egokituaren proiektuaren saio berri bat izango da. Honako honetan, Zipi eta Zape eta Kapitainaren irla animaziozko filma izango da ikusgai 11.00etatik aurrera, eta euskaraz izango da. Sarrera doakoa da, baina leku-kopurua mugatua da, eta eserlekua erreserbatu behar da sarrerak.errenteria.eus webgunearen bidez.
Azken saioetan bezala, Ozzinemak ere parte hartu du zine saioaren kudeaketan eta Eskuaire elkarteak zeinu hizkuntzan aldibereko itzulpena eskainiko du. Ekimena Juneren Hegoak elkarteak eta Onintze Agirrek antolatu dute
Bizitu Zinema
Bizitu zinema proiektua 2017an sortu zen, behar bereziak dituzten adingabeen familientzat aisialdi eta kultura eskaintza eskuratzeari dagokionez espazio kulturalek, batez ere zinema aretoek, zituzten zailtasunak agerian utzi ondoren. Esperientzia hau "publiko guztiengana hurbildu nahi da, haien arteko ezberdintasunak errespetatuz, giro ludikoa sortuz eta, bereziki, Juneren Hegoak elkartea osatzen duten txikien behar zehatzei erantzuna emanez", adierazi dute antolatzaileek.

Hortaz, saioan filma komentatzeko aukera izango da, argiak piztuta egongo dira, bolumena baxuagoa egongo da eta eserlekuetatik mugitzeko aukera izango da. Gainera, espazioa parte-hartzaileen erosotasunerako prestatuko da, aniztasun funtzionala duten haurren errealitatera.
‘Zipi eta Zape eta Kapitainaren irla’ filma
105 minutuko animaziozko film honetan, Zipi eta Zaperen bihurrikeriak kontatzen dira, gurasoei oporretan lagundu behar baitiete itsasontziko bidaia aspergarria dirudien honetan. Baina ekaitz batek uharte urrun batera eraman ditu. Han, uhartearen eta hango biztanle bitxien sekretuak deskubrituko dute.
Bizitu ekimenaren antolatzaileek herritarrak animatu nahi dituzte igandean abenturaz eta talde-lanaz beteriko film hau ikustera joan daitezen.