Uda iritsi da, eta musika jaialdiak udako egutegian ezin falta dira. Gehienak etxetik urrun izaten dira, baina badira inguruan ere galdu ezin daitezkeenak. Beasainen, esaterako, Sigi-Sagas jaialdia ospatzen da, aurten uztailaren 5ean egingo dena. Ekimen hau Arrano Kulturak antolatzen du, Sasoiko Ekintzak lantaldearen eskutik. Maite Biainek, Iban Unamunok eta Idoia Garmendiak osatzen dute taldea.
Jaialdiak hiru urte beteko ditu aurten; hirugarren edizioa izango da larunbatean ospatuko dena. Familientzako zirku tailerra eta kontzertuak izango dira arratsaldeko 16.00etatik aurrera. Deñe, Nabasi eta Mugan taldeak izango dira eszenatoki gainean. Lehen kontzertua 18.00etan hasiko da, bigarrena 19.30ean, eta azkena 20.45ean.
Ekintza guztiak Sagastiguti parkean egingo dira, izan ere, Sigi-Sagas jaialdiaren helburu nagusietako bat gune horri berriro erabilera ematea da. “Ingurugiro polita da eta aukera asko eskaintzen ditu”, azaldu du Maite Biainek. Antolatzaileek gogora ekarri dute aspaldiko garaietan une politak bizi izan zirela bertan, eta orain belaunaldi berriek ere parke hori ezagutzea eta bizitzea nahi dutela.
Sigi-Sagas jaialdiaren izena Sagastiguti parkearen izenetik dator, izan ere, parkea bera da hasieratik ekimenaren ardatza. Hala ere, lehenengo bi edizioetan eguraldi txarraren ondorioz, jarduera batzuk bertatik atera behar izan zituzten. Lehenengoan, euria zela eta, ekintza guztiak Beasaingo plazara lekualdatu zituzten; bigarrenean, berriz, zirku tailerra bertan behera utzi behar izan zuten. Aurten, eguraldiak lagunduko duela dirudi, baina hala ez balitz ere, antolatzaileek ekintzak Sagastigutin bertan mantentzeko asmoa dutela adierazi dute.
Sigi-Sagas jaialdiaren beste berezitasunetako bat denontzako irekia den ekimena izatea da. Helburua jatorri, adin eta gustu guztietako pertsonak Sagastiguti parkean elkartzea da, espazioa elkarbanatzea, eta naturaz eta kulturaz inguratuta arratsalde polita pasatzea. Horretaz gain, jendeak elkar ezagutzea eta giro atsegin batean ondo pasatzea bilatzen dute antolatzaileek.
Sarrera doakoa da, parte-hartzea bultzatu eta errazteko. Gainera, irisgarritasuna bermatzeko, mugikortasun arazoak dituztenentzat kotxe zerbitzua eskainiko da, bertaratzeko arazorik izan ez dezaten.
Iban Unamunok azaldu duenez, “jaialdi honekin herrian aisialdirako beste aukera bat eskaini nahi dugu, denontzat pentsatua eta guztiontzat irekia”.
Bai Maite Biainek eta bai Iban Unamunok argi dute Sigi-Sagas jaialdia pixkanaka handitu eta Beasainen finkatzen joatea nahi dutela. Apustu egiten jarraituko dute ekimen honen alde, izan ere, Arrano Kulturaren balore eta helburu nagusiak biltzen dituen jaialdia baita: natura errespetatu eta zaintzea, kultura sustatzea eta aniztasuna bultzatzea. Feminismoa da Arrano Kulturak defendatzen duen beste ardatz garrantzitsu bat, eta horren isla izan da Sigi-Sagas jaialdia hasieratik: beti egon da emakumeen presentzia eta protagonismoa. Lehen edizioan, Gilda taldea, Maddi Otamendi eta DJ Expuela izan ziren eszenatokian; bigarrenean, Esanezin; eta, aurtengoan, Deñe arituko da kantuan.
Baretxu Mendi Martxa, urrian
Arrano Kulturak urtean zehar ekintza ugari antolatzen ditu Beasainen, besteak beste: bertso saioak, liburu aurkezpenak, hitzaldiak, pilota eta pala txapelketak, pintura lehiaketa eta poteo filosofikoa.
Sigi-Sagas jaialdiaren ondoren, II. Baretxu Mendi Martxa izango da hurrengo hitzordua. Urriaren 4an egingo da, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. Haur, gazte zein helduentzako ibilaldia izango da, Beasaingo mendiak eta ingurua ezagutzeko aukera eskainiko duena. Ibilaldiak 23 kilometroko distantzia izango du, 1.200 metroko desnibel positiboarekin. Lagunartean eta paisaiaz gozatzeko martxa izango da, norberak bere erritmoan egiteko modukoa; lehiaketak alde batera utzita.