Oiartzunen etxe tasatu bat erosteko interesa duten herritarrek Oiartzungo Udalak sortu duen eskatzaileen erregistro berrian izena eman dezakete. Uneoro egongo da zabalik izena emateko aukera, eta bertan apuntatuta dauden herritarrak automatikoki sartuko dira promozio berrien edo bigarren eskuko etxe tasatuen zozketetan.
Udaletik gogorazi dutenez, Oiartzungo Udala garatzen ari den etxebizitza planaren baitan, 2025eko otsaileko Udal Osoko Batzarrean onartu zen etxebizitza tasatuen udal ordenantzaren aldaketa, euren salerosketetarako prozedura berria zehaztuz.
Bertan jasotzen da, aurrerantzean etxebizitza tasatu bat salmentan jartzean, eroslea Udalak izendatuko duela Etxebizitza tasatuen eskatzaileen udal erregistroan izena eman duten herritarren artean zozketa baten bidez.
Etxebizitzaren prezioa zehazteaz gain, Udalak berak izango du eroslea izendatzeko eskumena. Prozedura hau egun tasatu izaera duten etxeen salerosketetan eta etorkizunean etor litezkeen etxebizitza tasatuen salerosketetan aplikatuko da.
Etxe tasatuen kopurua, goruntz
Gaur egun 90 etxe tasatu inguru daude Oiartzunen eta etorkizuneko promozioetan beste 160 inguru aurreikusi dira. Guztira epe ertainera 250 etxe tasatu egongo dira Oiartzunen, eta “salerosketa zuzena eta gardena” bermatu nahi du Udalak. Hiru hilabetero salmentara atera nahi diren etxeekin zozketa egitea aurreikusi dute.
Erregistro honetan izena eman ahal izateko hainbat baldintza bete behar dira. Hasteko, eskatzailea adinez nagusia edo adingabe emantzipatua izatea izan behar du.
Gainera, etxe hauek oiartzuarrentzat edo Oiartzunen lan egiten dutenentzat izango dira. Hortaz 2025eko urtarrilaren 1etik Oiartzunen erroldatuta egotea, edo azken hamabost urteetan bost urtez erroldatuta egon izana edo azken hamar urteetan herrian etenik gabe lan egin izana eskatzen da.
Baldintza ekonomikoak ere ezarri dira. Honenbestez, bizikidetza unitateak 15.000 euro eta 57.721,24 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak (ponderatuak) izan behar ditu (edo zozketaren urterako onarturiko kopuru eguneratuak).
Eskatzaileek etxebizitzarik jabetzan ezin dute izan. Alabaina, salbuespenak badaude. Esaterako etxebizitza edukita ere hau bizikidetza-unitatearen beharretarako egokia ez izatea edo banaketa kasuetan.
Eskaera orria betetzerakoan aukera dago zenbat logelako etxebizitza eta zein auzotan nahi den zehazteko. Hartara, baldintza horiek betetzen dituzten etxeen zozketan bakarrik sartuko da herritarra. Uneoro izango da hautaketa aldatzeko aukera.
Izen-ematea
Udalaren webgunean dago Etxebizitza tasatuen eskatzaileen udal erregistroan izena emateko eskaera-orria. Tramitea egoitza elektronikotik aurkeztu daiteke, edo Herritarren Arreta Zerbitzu berrian.
Arestian aipatu bezala, gaur egun 90 etxebizitza tasatu daude herrian, baina Elizaldeko auzogune berria eraikitzean kopuru hau handitu egingo da.
Urmendi haur eskola, Mendibil eta Tolarieta arteko eremuan garatuko da datozen urteetan. 200 etxebizitza berri inguru egingo dira, babestuak gehienak (alokairu sozialekoak eta tasatuak).