Hernani: Sanjoanetan eraso matxistarik eta arrazistarik ez
Udalak eta hainbat eragilek festetan oldarrei aurre egiteko neurriak aurkeztu dituzte
HernanikoUdalak eta herriko hainbat eragilek (Hernaniko Koordinadora Feminista, Bilgune Feminista, AMHER-SOS Arrazakeria, Txosna Batzordea, Berriak elkarteak eta tabernariek) eraso matxistarik eta arrazistarik gabeko festak aldarrikatu dituzte.
Hortaz, eraso matxistei eta arrazistei aurre egiteko, hainbat baliabide eta zerbitzu jarriko dira martxan sanjoanetan: informazio gunea, arretarako telefonoa eta protokoloa.
Indarkeria sexistarik gabeko informazio guneari dagokionez, Ezkiaga pasealekuan egongo da bi egunetan, ekainaren 23an eta 25ean, 18.00etatik 22.00etara.
24 orduko telefonoa
Erasoen arretarako telefonoa 688 685 164 izango da eta ekainaren 23tik 28ra, 24 orduz egongo da zerbitzuan, asteleheneko 18.00etatik larunbat goizeko 8.00ak arte.
Emagin elkartekoek kudeatuko dute telefono hori. “Helburua erasoak jasotzea eta erasotuari arreta ematea izango da, beti ere ikuspegi feministarekin: ahalduntzea sustatuz eta ez berbiktimizatuz”, adierazi zuen aurkezpenean Aitana Minerrek, eragile guztien bozeramaileak.
Telefono zenbaki hori Hernaniko ostalarien esku ere egongo da. Hain zuzen ere, Hernaniko tabernariei eraso matxista eta arrazisten kontrako protokoloa eta gutun bat banatu zaie, jai giroan ere guztiok festak askatasunez eta plazerez bizitzeko “konplize” izan daitezen.
Esperientzia
Honen harira, Itsaso Legorburu Berdintasun eta Kulturartekotasun zinegotziak gogora ekarri zuenez, “Hernanin urteak daramatzagu jaietan indarkeria matxista eta arrazistaren gaia lantzen; urratsak eman ditugu mugimemdu feministatik eta antiarrazistatik eta Udaletik. Aurtengoan ere indarkeriarik gabeko jaien alde elkartu gara”.
Hernaniko jaiak denontzako gozagarriak eta seguruak izatea da helburua. “Festak gizarte baten egituraren eta herri baten nortasunaren adierazle dira. Gaur egun jai eta tradizioek, jendarte ordena erreproduzitzen dute, egungo hierarkiak, botere harremanak, rol banaketak... Jaiak egunerokoan ematen diren zapalkuntza eta diskriminazioen adierazleak oso nabarmenak dira”, adierazi zuen Minerrek.
“Jai eremu eta egunetan intentsitate ezberdinetako erasoak sarriago gertatzen dira, hala matxistak nola arrazistak: irainak, ukituak, eraso fisikoak, bortxaketak… Horren aurrean, ozen eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula onartuko jaiak erasotzaileen eta diskriminatzaileen aterpe bilakatzerik, kontsumo ezberdinen justifikazio eta aitzakipean”, azpimarratu zuen.
Elkarrateratzea
Bestalde, joan den asteburuan udal zerbitzuetako langile batek jasan zuen eraso arrazista salatzeko elkarretaratzea deitu zen ostiralean Zinkoenean.
Dozenaka pertsona bildu ziren Garbitaniako langileari elkartasuna adierazteko, tartean ziren alkatea eta hainbat zinegotzi.
Aste honetako agerraldian, eragileek nabarmendu zutenez, “ezinbestekoa da erasoen prebentzioan eta erantzunean denok konpromisoak hartzea”.
Bereziki salatu zituzten “azkenaldian herrian zabaldu diren mezu eta jarrera arrazistak”. Udalak ere herriko hainbat esparrutan mezu xenofobo eta arrazistak hedatu direla ohartu da: “Mezu horiek gorrotoaren diskurtsoa elikatzen dute”.