San Joan egunarekin bat eginez, Hernaniko Musika Bandak (Hermuba), ohi denez, ekainaren 24an kontzertua eskainiko du Hernaniko udaletxeko arkupeetan, 13.15ean hasita, Jorge Pachecoren zuzendaritzapean.
Honako hauek izango dira kontzertuan joko diren piezak: La gracia de Dios (Ramón Roig); A Jorge Villar (Joaquín Ortega, Canario); El tambor de Granaderos (Ruperto Chapí); La Dama de Anboto (Buenaventura Zapirain); The Last of the Mohicans (Trevor Jones) eta A Igarondo (Torre-Músquiz kondea).
Errepertorioak estilo eta garai desberdinetako lanak biltzen ditu: XIX. mendeko zartzuelatik Hollywoodeko zinemaraino, eta tartean euskal sustraietan oinarritutako piezak ere bai.
Azken kontzertua
Musikaz harago, kontzertua berezia izango da bandarentzat, hiru kidek agur esango baitute: Zipri Otxandorenak, Juantxo Arzallusek eta Josune Aierbek. Hurrenez hurren, 50, 40 eta 20 urte baino gehiago eman dituzte taldean, eta ibilbide luze bati amaiera emango diote San Joan egunean. Hirurei urte luze hauetan egindako lana eskertuko zaie.
Aipatzekoa da Otxandorena urte askotan izan dela zuzendaria, Manolo Sagarnaren lekukoa hartuta; eta Arzallus, bandako lehendakaria luzaroan. Biak bandako ikur bilakatu dira, baina belaunaldi gazteei lekukoa eman behar zaiela pentsatzen dute.
Arzallus astigartarra da. Astigar elkarteko kide bat zenean, txaranga bat sortzen hasi zien instrumentu zaharrekin. Berari saxofoia jotzea bururatu zitzaion eta instrumentua ikasteko Hernanira jo zuen, eta Manolo Sagarnarekin hasi zituen eskolak. Solfeoa ere ikasi zuen. Horiek horrela, “poliki-poliki” Hernaniko bandan sartu zen. Arzallus 1980an hasi zen bandan eta garai hartan Juan José Iruretagoiena zegoen zuzendari lanak egiten.
150. urteurrena
Arzallus lehendakaria izatera iritsi zen eta bere ardura izan zen bandaren 150. urteurrena antolatzea. “Ekipo oso ona antolatu genuen eta nahiz eta krisia bete-betean egon momentu horietan, nahiko urteurren itxurosoa montatu genuen. Diru asko ez genuen, baina kontzeruak eta erakusketa bat ere antolatu genuen argazki zaharrekin eta nahiko ondo atera zen”, gogorazi du.
Arzallusek dioenez, bere familian ez dago musikaririk, baina duela urte batzuk bere aitonak, Juanito, Charlot de Astigarraga goitizenez ezagunagoa, berak egindako ibilbide berbera egin zuen. Hura Hernanira klarinetea ikastera joan zen. “Bandako lokalean badago 1932ko argazki bat, gerra aurrekoa, eta hor nire aitona, nire amaren aita, azaltzen da”, aipatu du.
Banda urte guzti hauetan izan duen bilakaera ere errepasatu du, non zuzendari bakoitza banda modernizatzen eta erakargarriagoa egiten nola saiatu den azaltzen duen.
Bilakaera
“Iruretagoienarekin oso pieza klasikoak jotzen genituen, musiko handi bat zen eta maisu inportanteekin ikasitakoa. Manolo Sagarnak hartu zuenean, pasodobleak eta pieza popularragoak jotzen genituen. Gero Ziprik hartu zuen erreleboa eta, gazteleraz esaten denez, berak otra vuelta de tuerca eman zion bandari kalitate aldetik eta pieza modernoagoak konpositore berrienak sartzen hasi zen, berarekin hasi ginen pelikulen banda sonorak jotzen, euskal kantak eta pasadobleak alde batera utzi gabe. Roberto Pacheco etorri zen eta bandari beste sonoridade bat eman zion eta afinazioan indar handia jartzen zuen eta modernizatu ere egin zuen. Gaur egun, Jorge, bere anaia, dago eta orain pieza konplexuagoak jotzen ditugu”.
“Ni hasi nintzenean Sanjoanetako Dianara oso jende gutxi jaikitzen zen, agian gaupasero batzuk gerturatzen ziren, baina gero bururatu zitzaigun, pastatxo batzuk, ardo gozoa eta edariak jendeari eskain-tzea”, aipatu du. Gaur egun bandak jarraitzaile finko ugari ditu.
“Gaztetxo asko daude bandan, erreleboa badago eta saxofoi-jotzaile asko daude eta izugarri ondo jotzen dute, badago jende oso ona”, amaitu du. Beraz, gazteen txanda da orain.