Aurten ere, Ordiziako Udalak jaiak iragartzeko kartel lehiaketa abiatu zuen. Orain, lanak aurkezteko azken egunak direla adierazi du. Kartel irabazlea jaietako programaren azala ere izango da, etxebizitza guztietara bidaliko dena.
Gainera, bigarrenez haurrentzako tokia ere badu lehiaketak. “Ordiziako jaiak guztionak diren moduan, guztiok izan behar dugu lehiaketan parte hartzeko aukera”, jakinarazi du Berzosak. Aurreko urtean arrakasta handia izan zuen 18 urtez azpiko kategoriak. Haurren irudi irabazlea programaren barnean joango da. Baina, aurten, azal nagusiko irudia izateko aukera ere izango du. “Iaz hasi genuen kategorian maila handiko marrazkiak aurkeztu zituzten”, gaineratu du kultur zinegotziak. Beraz, bi kategorietako edonork irabazi ahalko du sari nagusia eta jaietako protagonista izan.
2025eko Santa Ana jaiak iragarriko dituen kartelak, 500 euroko saria eskuratuko du. Programaren barnean joango den marrazkiak, aldiz, 100 euroko bonu saria lortuko du.
Lanak aurkezteko epea datorren asteartean amaituko da, ekainaren 24an, 12.00etan. Kartelak posta elektronikoz kultura@ordizia.eus helbidera bidali daitezke edo Udaleko Harrera Bulegoan entregatu, bai CD batean bai lan fisiko gisa, 08.00etatik 13.30era.