Síguenos en redes sociales:

Pasaiako festen hasiera ekitaldia larunbatean izango da San Pedron

Iaz lau barrutiek martxan jarri zuten ekimena aurten errepikatzea erabaki dute izandako arrakasta ikusirik

Pasaiako festen hasiera ekitaldia larunbatean izango da San PedronN.G.

Iazko arrakasta ikusirik eta ekimenarekin jarraituz, Pasaiako Udalak ekitaldi berezia antolatu du lau barrutietako jaiei hasiera emateko. Ekitaldia, datorren larunbatean, ekainaren 21ean, 12.00etan, San Pedroko Herriko Plazan izango da. Bertan parte hartuko dute lau barrutietako kultur munduko hainbat ordezkarik.

Herritar guztiei irekitako ekitaldia izango da, jai-giroaz goza dezaten, alaia eta kolorez betea.

Jardunaldia 11.50ean hasiko da lau barrutietako erraldoi eta buruhandien kalejira batekin, Pasaiako musika taldeek lagunduta, Udal Aretotik (Erti) Herriko Plazara.

Kalejiraren erritmoan iritsiko dira 12.00ak aldera parte-hartzaileak Herriko Plazara. Bertan musika, dantzak eta sorpresak izango dira Pasaiako kultur taldeen eskutik.

Elkarlana

Horrela emango zaie hasiera aurtengo Pasaiako jaiei. Konkretuki, barruti bakoitzeko jaiak data hauetan izango dira: San Juan: ekainaren 23tik 24ra; San Pedro: ekainaren 26tik 30era; San Fermin (Antxo): uztailaren 4tik 8ra; Karmenak (Trintxerpe), uztailaren 11tik 16ra eta Santioak (Donibane): uztailaren 24tik 31ra.

Teo Alberro Pasaiako alkatearen arabera, “jaiak ez dira barruti bakoitzarenak bakarrik. Herri gisa garenaren adierazpen kolektiboa dira. Ekitaldi honek batasun hori irudikatzen du, eta horregatik da hain berezia Pasaiarentzat”. 

Bestalde, Aitor Brionek, Kulturako eta Ondareko zinegotziak gaineratu zuenez, “hilaren 21eko ekitaldia berezia eta koloretsua izango da, baina baliotsuena hori lortzeko egindako bidea izan da: lau barrutietako elkarteak ideiak partekatzen, elkarrekin lan egiten, behetik eraikitzen... Hori ere kultura egitea da, eta, noski, herria herritik bertatik eraikitzea”.

San Pedron burututako aurkezpenean parte hartu zuten Teo Alberro Pasaiako alkateak, Aitor Brion Kulturako eta Ondareko zinegotziak, San Pedroko Sorgiñarri txistulari taldea, San Pedroko Lamiak dantza taldea, Illunbe musika banda, Pasaiako Batelerak, Pasaiako Erraldoien konpartsa, Antxoko dultzaineroak, Lintxua dantza taldea eta Donibaneko txistulariak.

Sanjuanak

Dagoeneko Donibaneko Jai Batzordeak Pasaiako Udalarekin batera antolatutako San Juan jaien egitaraua aurkeztu du.

Ekainaren 23an, 18.00etan buruhandiak Meipitik plazara joango dira eta 19.30ean txupinazoa eta ikurriñaren igoera izango dira Enara Escribano Camara eta Julen Baquero Salaberriaren eskutik. Ondoren Agurra dantzatuko da. 20.45ean Konstantzia bandarekin plazatik elizara ibilaldia egingo da eta 21.00etan Salbea ospatuko da elizan. 22.00etan aurreskua dantzatuko da zuhaitzaren ondoan eta ondoren sua emango zaio.

Ekainaren 24ean,ekitaldiak goizetik hasiko dira: Diana txistulariekin herriko kaleetan zehar (10.00); haur eta gazteen danborrada Meipitik plazara (11.00) eta San Juan eguneko meza eta gero hamaiketakoa (11.30).

Arratsaldean, 17.00etan, txokolatada, jolasak eta buruhandiak Santiago plazan izango dira eta amaitzeko, apar festa ospatuko da Santiago plazan.