Ostiralean, 19.00etan, Arterialdia kultur ekitaldia egingo dute Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Arteriakideek, Arteria egitasmoan parte hartzen duten eskualdeko artistek, parte hartuko dute.
Arteria proiektuaren ardatza artea, giza eskubideak ikerketa, elkarlana eta kolaborazioa dira. Helburua, gizakiaren garapena, inklusioa eta gizarte berrikuntza bermatzea da. Ostiralean, Arteria egitasmoan parte hartzen duten eskualdeko artistek azken hilabeteetan egindako lana erakutsiko dute. Hasteko, Uxue Kerejeta musikari zumarragarrak ikusleen sarrera girotuko du.
Ondoren, moda desfile inklusiboa egingo dute Leire Santillan diseinatzaile urretxuarrak eta Beasaingo Andramendi ikastolako ikasleek sortutako jantziekin.
Pasarelara Zumarragako jubilatuen Irri Makila antzerki taldea, Ordiziako Garaguneko erabiltzaileak, Atzegiren Beasaingo etxebizitzako pisukideak, Andramendi ikastolako ikasleak, Ordizia Kolore egitasmoko kideak eta Ordiziako Lagunkiro egitasmoko kideak igoko dira.
Desfile hau EHUrekin batera egindako ikerketaren fruituetako bat da. Egoera zaurgarrian dauden pertsonek kulturan duten parte hartzea aztertu zen eta ondoren parte hartze prozesu bat egin zen ikerketaren ondorioak ezagutzera emateko. Parte hartze prozesu horretan bost kultur ekimen inklusibo diseinatu ziren. Horietako bat moda desfilea inklusiboa da: Ordiziako Garaguneko erabiltzaile batek bere nahietako bat moda desfile batean parte hartzea zela esan zuen eta antolatzea erabaki zen.
Ostiraleko ekitaldiarekin jarraituz, moda desfilearen ondoren Garbitu aurpegia film laburra emango dute. Ormaiztegiko San Andres ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek egin dute eta giza eskubideak, genero berdintasuna eta hezkidetza ditu ardatz. Xabin Fernandez eta Iban Toledo sortzaileen laguntzarekin lan egin dute.
Emanaldiaren ondoren, Andoni Salamerok, Marta Lopez de Gaunak eta Gorka Larrañagak Arteriaren 2024ko diru-laguntzarekin sortutako artelana aurkeztuko dute. Nahigabeko bakardadearen eta buru osasunaren inguruko proiektua da eta irudiak, audioa eta olerkia erabiltzen dituzte. Ostiraleko ekitaldian Larrañagak parte hartuko du: proiektuaren inguruko hitz ba-tzuk esango ditu.
Ondoren, Concetta Probanzak Emakumeen Etxearen azpian eta Ibane Cerezok Urretxuko Gazte Bideanean egindako muralak aurkeztuko dituzte eta Gainzuriko Dantzari Zoroak taldeak eta Oihane Vicentek dantza ikuskizuna egingo dute. “Sormen dantza espazio aske bat da eta epairik gabekoa. Dantzaren bidez adierazten dugu gu geu garena eta ikasten dugu ondokoa errespetatzen, desberdin garen arren, desberdin dantzatzen dugun arren. Hori da gure filosofia”, azaldu dute.
Bukatzeko, German Urteaga beasaindarrak bertso batzuk abestuko ditu.