Usurbilgo Udalak eta Orbeldi dantza taldeak berriki elkarlanerako hitzarmena sinatu dute, urtebeterako. Hitzarmenak urtebeteko iraupena izango du, eta urtez urte luzatzeko aukera izango da, bi aldeen adostasunarekin.

Akordio honi esker, Orbeldi dantza taldeak Usurbilen euskal dantzaren tradizioa sustatuko du, eta abiatzen dituen kultura alorreko jarduerak publikoari irekiak izango dira. Urritik ekainera, dantza ikastaroak eskainiko dizkie bost urtetik gorako herritarrei, eta Dantza Eguna eta Dantzari Txiki antolatuko ditu. 

Gainera, herriko eragileekin elkarlana sustatuko du, Santixabeletan parte hartuko du, eta uztailaren 2ko soka dantzarako prestatuko ditu herriko zinegotziak eta gonbidatuak. Udalak beharra izan dezakeen beste bi ekitalditan ere laguntzeko konpromisoa hartu du, esaterako, ohorezko agurra dantzatuz.

160 dantzari

Bestalde, Udalak dirulaguntza bat emango dio dantza taldeari, 14.000 eurokoa, euskal dantzak eta herri folklorea sustatu eta hitzarmenean aipatutako ekintzak gauzatu ahal izateko. 

160 dantzari

Horrez gain, lokal bat prekarioz lagako dio, zehazki, San Esteban kaleko 11. zenbakikoa, batik bat, materiala gordetzeko. Udalak bere gain hartuko ditu uraren eta hondakinen kuota, argindarra, lokalaren asegurua eta mantenu lanak egitea. Orbeldik erantzukizun zibilaren aseguru-poliza kontratatu beharko du, eta lokalaren garbitasunaz arduratuko da.

Haur, gazte eta helduek parte hartzen dute Orbeldi dantza taldean: guztira, 160 dantzari dira, 100 haur eta 60 heldu. Horrez gain, txistulari, jostun eta laguntzaileen artean, beste 15 lagunek parte hartzen dute. Elkarte gisa 2015ean osatu bazen ere, urte askoan lan egin zuten aurrez haurrekin, Usurbil Dantza Taldea izenarekin.

Hitzarmenaren sinaketa ekitaldian, Jon Mikel Azpiazu Zubeldia Kultura zinegotziak adierazi zuenez, Udalaren eta Orbeldi dantza taldearen arteko hartu-emana eta elkarlana “etengabekoa” izan da. Orain arte, ez dute lankidetzarako hitzarmenik sinatu izan, eta Usurbili egiten dion ekarpena aintzat hartuta, hartu-eman hori formalizatzea adostu dute: idatziz jaso dituzte bi aldeek elkarrekiko hartu dituzten konpromisoak.

Ibilbide oparoa

Aitor Agirrek, Orbeldiren ordezkari gisa, dantzak herrian izandako bilakaera gogoratu zuen: “Diktadura ostean dantzak Usurbilen izan zuen bilakaerari buruzko liburua atera genuen, Udalarekin batera, 2013an, eta horren ostean iritsi zen lehenengo dantza eguna, aurten 13. ekitaldia bete duena. Nork esango zuen, urtez urte, 50 herritarretik gora biltzen dituen ikuskizun berri bat egiten jarraituko genuenik? Bada, hala da, eta oso harro gaude dantzak gure herrian hartu duen bidearekin”.

Agirrek nabarmendu zuenez, Udalarekin sinatutako hitzarmena lagungarria izango da taldea kudeatu eta azken urteotan hartu duen bidea malguagoa izan dadin. Zentzu horretan, eskerrak eman zizkion Udalari, hitzarmena sinatzeko izandako prestasunagatik zein urteotan guztiotan lanean aritu diren zinegotzi eta alkateei, “euren gertutasunagatik”.

Azken urteek erakutsi dute Usurbil dantza zalea dela, eta horri eutsi nahi diote.