Aurreko urteetan bezala, Errenteriako Udalak Madalen jaietako laguntzaileak kontratatzeko deialdia egin du eta izena emateko epea zabalik egongo da ekainaren 9ra arte. Deialdi honen xedea da festetako laguntzaileak hautatzea 2025eko madalenetan, uztailaren 21etik 25era, lana egiteko. Zerrenda hau Atlantikaldiarako ere erabiliko da.

Eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira, Errenteriako Udalaren erregistro elektronikoaren bidez. Beraz, beharrezkoa da hautagaiek identifikazio eta sinadura ziurtagiri elektronikoa izatea: BakQ, NAN elektronikoa, herritarraren ziurtagiria, Cl@ve,… Ziurtagiri horietakoren bat ez badute, BakQ ziurtagiria doan eska dezakete ZU! Zure Udala arreta zerbitzuan.

Eskabideekin batera aurkeztu beharko dira NAN-aren, titulu akademikoaren eta euskarako tituluaren fotokopiak (azken hau, duenak).

Zozketa

Aurkezten diren guztien artean, zozketa ekainaren 23an egingo da, emaitza udal web orrian, eta iragarki oholtzan argitaratuko delarik. Hautatua izateko lehentasuna izango dute Errenterian gutxienez hiru hilabete erroldatuta daramatenek, horretarako eskaerak aurkezteko ezarritako epearen azken eguna hartuko da erreferentziatzat.

Zozketan hautatuak izan diren pertsonei eta lehenengo 20 ordezkoei e-mail bat bidaliko zaie beharrezko informazio guztiarekin. Hautagaiak berak kontsultatu beharko du bere e-maila zozketaren egunean bertan eta hurrengo egunean. Hortaz, ezinbestekoa da hautagaiak eskaera orrian bertan bere e-maila garbi adieraztea.

Bestalde, hautatutakoek ez badute euskara maila egiaztatuta, hizkuntza probak egin beharko dituzte, horretarako deituak izango direlarik (ekainaren 25ean eta 26an egitea aurreikusita dago).

Azkenik, kontratatzen diren pertsonek Reina aretoan (Xenpelar kalea, 3) 2025eko uztailaren 18an, goizeko 9.00etan, egingo den aurretiazko bilerara joan beharko dute. Bertan, egin beharreko lanari buruzko argibideak emango zaizkie.

Baldintzak

Hautaketa prozesu honetan parte hartu ahal izateko 18 urte beteak edukitzea eta langabezian egotea kontratuaren hasierako datan derrigorrezkoa da.

Gainera, Eskola ziurtagiria edota maila altuagoko titulazio akademiko baten jabe izan beharko du eta euskaraz elkarrizketa bat izateko gauza izan beharko du. Azkeneko eskakizun hau betetzeko xedez, hautatuak suertatzen diren pertsonak deituak izango dira udal euskaltegian elkarrizketa bat edukitzeko.

Aurrekoa hala izanik ere, ez dute azterketarik egin beharko 2. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea egiaztatua duten pertsonek eta 2013, 2014, 2015, 2016, 2017 2018, 2019, 2022, 2023 edo 2024ko deialdian, helburu bererako eginiko euskara froga gainditu zutenek.

Bestalde, diziplinazko espedientea dela medio, eskakizuna aurkezten dutenek Estatuko, Autonomi Erkidegoetako nahiz udal erakundeen menpeko lanetik banandua ezin dute egon, ezta herri eginkizunetan aritzeko ere.

Azkenik, indarrean dagoen araudiaren arabera legezko ezgaitasun edo bateraezintasun kasuren batean ez egotea eskatzen da, beti ere legeak ematen duen aukeratzeko eskubidea alde batera utzita.

Deialdiaren oinarriak eta eskaera egiteko inprimakia esteka honetan eskura daitezke.