Urola Garaia ere festa denboraldian murgildu da. Igandean Ezkioko eta Legazpiko jaiak amaitu ziren eta ostegunetik aurrera San Isidro jaiak ospatuko dituzte Zumarragako Eitzaga auzoan. Urteroko moduan, Jai batzordeak makina bat ekitaldi antolatu du.
Legazpiko Santikutz jaiak apirilaren 30ean hasi ziren. Eguraldia lagun, giroa bikaina izan da. Helduen danborradako parte hartze altua azpimarragarria izan da: ia 700 lagunek parte hartu dute. Bestalde, Olaria saria Chillidarekin lan egin zuten legazpiarrek jaso dute eta Santikutz eguneko ezpata dantzan bere garaian parte hartzerik izan ez zuten emakumeek parte hartu dute. Jaiak igandean amaitu ziren, Mirandaola Egunarekin.
Ezkioko San Migel jaiei dagokienez, ostegunean hasi ziren eta igandean amaitu. Makina bat ekitaldi izan dira. Igandean, Izazpiko Igoera jokatu zen. Aner Arozena zumarragarra eta Adirane Peñagarikano urretxuarra nagusitu ziren. Arozenak 38 minutu eta 32 segundo behar izan zituen proba osatzeko. Bigarren lekuan Martin Egizabal sailkatu zen (39:04) eta hirugarrenean Unax Agirre (39:50).
Nesken lasterketan Adirane Peñagarikanok hasieratik bukaerara arte dominatu zuen proba. 46 minutu eta 26 segundo behar izan zituen proba osatzeko. Bigarren postuan Luzia Urkiola (50:26) sailkatu zen eta hirugarrenean Nerea Garcia (54:45).
Ezkiotarrek eta legazpiarrek Zumarragako Eitzaga auzokoei pasako diete lekukoa. Ostegunean San Isidro eguna ospatuko dute. 11.00etan meza egingo dute eta ondoren Irrika elkarteak hamaiketakoa eskainiko die auzoko jubilatuei.
Astebururako ekitaldi asko antolatu dituzte. Ostiralean, 17.30ean, txotxongilo ikuskizuna eta txokolatada egingo dituzte San Gregorio kalean. 18.30ean buruhandiak aterako dira, toki beretik. 19.00etan txupinazoa egingo dute eta txosna irekiko dute. Ondoren, Trapalata txarangak auzoko kaleak alaituko ditu. 21.30ean, ermitan, herri afaria egingo dute. Ondoren, bingoan jokatuko dute. Afarirako txartelek 25 euro balio dute. Eitza eta Korta tabernetan, Josune janari-dendan eta Endaia okindegian eskura daitezke. Ostiraleko ekitaldiekin bukatzeko, gauerdian DJ Xagardorekin eta DJ Inaxekin dantza egingo dute.
Larunbaterako, bost ekitaldi antolatu dituzte: 12.00etan toka txapelketa jokatuko dute, 13.00etan Zu Dan-tzaz taldeak dantzaldia egingo du San Gregorio kalean, 17.00etan haurren krosa hasiko da, 19.30ean Joseto ta Alayak elektrotxarangak auzoko kaleak girotuko ditu eta 23.30ean Iratzar erromeria taldeak txosna gunean joko du. Krosean parte hartzeko asmoa duten haurrek 16.30etik aurrera eman behar dute izena.
Jaiak igandean bukatuko dira. 10.00etan, Antxiñako Ama txistulari taldeak goiz eresia egingo du. 10.30ean meza egingo dute ermitan. Mezan Goiargi abesbatzak abestuko du. 12.00etan, Zumarragako bandak auzoko kaleetan joko du. Ordu berean, gaztetxoen arteko pilota partidak jokatuko dira. 13.30ean Alaitasuna errondailak auzoko kaleak girotuko ditu.
15.00etan bazkaria egingo dute. Paella jana, hain zuzen ere. Bazkarirako txartelak 5 euroan jarri dituzte salgai Eitza, Korta, Bidezar, Buhame eta Urzubi tabernetan, Josune janari-dendan eta Eitzako Endaia okindegian. Bukatzeko, 18.00etatik aurrera Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldeak auzoko kaleak girotuko ditu.