Bidasoan antolatutako ‘Gazteak On–Elikadura Erronka’ lehiaketa bere fase erabakigarrian sartu da. Maiatzaren 25era arte, herritarrek botoa eman ahal izango diete lehiaketan parte hartu duten bideoei, helbide honetan. Bozketa ireki honen bidez erabakiko da Herritarren Saria, lehiaketako bi sarietako bat.

Maïa Permaculture, Hendaiakoop eta Labore Txingudik elkarlanean sustatutako ekimen hau Bidasoa eskualdeko gazteei zuzenduta dago, DBHko edo adin bereko ikasle taldeei bereziki. Helburua da elikadura jasangarriaren inguruan hausnartu eta proposamen sortzaileak zabaltzeko aukera ematea. Aurtengo edizioan 14 lan aurkeztu dira, eta Irungo Toki-Alai zein El Pilar ikastetxeetako 100 ikasletik gora aritu dira parte hartzen, ikastetxeetako irakasleen laguntzaz. Proiektuak urtarriletik apirilera bitartean garatu dira, eta ikasleek euren ideiak eta ekimenak bideo labur formatuan aurkeztu dituzte.

Orain, herritarren txanda da. Izan ere, gazteen sormena eta konpromisoa saritzeko aukera izango dute bozketa irekiaren bitartez. Herritaren bozkekin batera, epaimahai espezializatu batek bideo guztiak ikusi eta baloratuko ditu. 

Bozketa prozedura

Bozka emateko, herritarrak helbide honetan sartu beharko dira, non parte-hartzaileen bideo guztiak ikusgai dauden. Boto emaile bakoitzak hiru lan hautatu beharko ditu. Bozketaren bidez lortutako emaitzen arabera erabakiko da Herritarren Sariaren irabazlea. 

Bozketa bukatzerakoan, ekainaren 6an, 10.30ean Ficoban, Bioterra azokaren baitan, sari banaketa ekitaldia egingo da. Bertan parte-hartzaileak eta epaimahaikideak bilduko dira, eta Epaimahaiaren Saria zein Herritarren Saria jasoko dituzten lanak iragarriko dira. Gainera, ekitaldian aurkeztutako 14 lanak ikusgai izango dira, gazteen lana eta sormena balioan jarriz. 

Hurrengo edizioari begira

Gazteak On: Elikadura Erronka’ lehiaketa ‘Ideiak 2024’ partaidetzako aurrekontu programaren barruan garatutako proiektua da. Proiektuak gazteen protagonismoa eta sormena lehenesten ditu, eskualde jasangarriago baten aldeko urrats kolektiboak sustatzeko. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, jada lanean ari dira hurrengo ikasturteko edizioa prestatzen, parte hartzeko aukera talde eta ikastetxe gehiagori zabaltzeko helburuarekin, eta prozesu osoan zehar bidelagun izango den laguntza osoa eskaintzeko. Nabarmentzekoa da helburu berezitzat hartu dutela Hendaiako eta Hondarribiko ikastetxeen parte-hartzea handitzea, bi aldeetako gazteek elkarrekin eraiki dezaten etorkizun jasangarri bat.