Euskaraldiaren laugarren edizioa iristear dago. Maiatzaren 15etik 25era, Irunek ere bat egingo du ‘Elkar mugituz egingo dugu’ lelopean egingo den euskararen erabilera sustatzeko ekimenarekin. Horretarako, hiriko gune ezberdinetan hainbat ekimen antolatu dira, hala nola, muxiko saioak, musika emanaldiak, txotxongiloak, ikastaroak, etabar.
Cristina Laborda alkatearen hitzetan, "aurtengo leloak dioen moduan euskaraldiak euskaraz hitz egin, entzun eta bizitzeko bulkada izan behar du guztiontzat. Ez da ospatzea bakarrik, ekiteko dei bat ere bada, eta aukera bat, pertsona guztiek urrats bat egin dezaten euskara erabiltzeari eta ikasteari dagokionez. Izan ere, norbait mugitzen denean, beste norbait ere mugitzen da eta, honek, aldi berean, beste norbait mugiarazten du".
Bestalde, Josu Iguiñiz Euskarako ordezkariak gogoratu zuen Irunen badagoela euskara ezagutzen duten herritar asko, baina erabilera neurtu egin denean hiztunen kopurua nabarmen jeitsi dela azaldu du. Zentzu honetan, Euskaraldia ezagutza hori mahai gainean jartzeko eta erabiltzeko aukera paregabea dela esan zuen.
Horri lotuta, Udalaren Euskara zerbitzuak eragile sozialekin lanean aurtengo Euskaraldia prestatu duela nabarmendu du, euskara sustatzeko hizkuntza ohituren aldaketa auzoetan bertan jaio behar dela ulertuta. “Gure hizkuntzaren erabilera urte osoan zehar landu beharrekoa da, Irun ere euskalduna delako, Irunen ere euskara ulertzen eta hitz egiten duten pertsonak daudelako eta euskaraz bizitzeko eskubidea dugulako".
Euskaraldiaren programa
Programari dagokionez, ostegun honetan bertan, maiatzaren 1ean, hasiko da, Larreaundi auzoko jaiekin bat eginez. Egun horretan, bai eta 2an, 3an eta 4ean ere, Euskaraldia auzoetan ekimenaren baitan txoko informatibo bat izango da. Auzo Elkarteko ordezkari batek azaldu duenez, bertan Euskaraldian izena emateko eta txapa jasotzeko aukera egongo da.
Bestalde, maiatzaren 7an, asteazkenean, 18.00etan, Hika ikastaroaren lehenengo saioa eskainiko da Irungo AEK euskaltegian. Saioa asteazkenero errepikatuko da hiru astetan zehar, maiatzaren 23ra arte, eta izena emateko irun@aek.eus helbidera idatzi edo euskaltegian bertan egin behar da. Beñat Altzagak azaldu duenez, ikastarohau antolatu da hikak erregistro informalean, hau da, aisialdian, ekarpen handia egin dezakeelako, freskoa eta lagun artekoa baita, eta “Irunen horren falta dago”.
Maiatzaren 10ean, larunbata, 17.30ean Gune ibiltaria egingo da Urdanibia plazan, eta jarraian, 18:00etan, kantu eta dantzajira Nabartenea eta Lagunartean taldeekin Pio XII, Zabaltza, San Juan eta Urdanibia plazetan.
Hiru egun beranduago, maiatzaren 13an, Ihes Gela bat antolatuko da Oiasso Museoan, baina hau euskaltegietako ikasleentzat soilik izango da.
Maiatzaren 15ean, osteguna, 18.00etan, Zentroko Auzo Elkartearen aurrean Oinkada Muxiko-Taldeak muxikoak eskainiko ditu, eta gero Pio XII plazarantz joango dira, Euskaraldia auzoetan ekimenaren baitan.
Irekiera ekitaldia
Egun horretan bertan, 19.00etan, Euskaraldiaren irekiera ekitaldi nagusia izango da Zabaltza plazan, bertsolariekin (Peñagarikano, Telleria eta Agirre), erromeriarekin Auntxa Trikitixa Eskolaren eskutik, Pauso-K taldearen dantza emanaldi batekin eta beste hainbat jarduerekin.
Programarekin jarraituz, nabarmentzekoa da maiatzaren 17an, larunbata, egun osoko jarduera programa aurkeztuko dela: 11.00etan Artiako Auzo Elkarteak haur-jarduerak antolatuko ditu Antoine D’Abbadie plazan (globoflexia tailerra, aurpegi margotzea, ipuin kontalaria eta kalejira). 17.00etan, Asier Kidam magoaren hurbileko magia ikuskizuna izango da Urdanibia plazan eta 19.00etan, Bingo saio berezi bat Yogurinaha Borova eta Aurori Badiolarekin, leku berean.
Igandean, 9.00etan mintzagosaria antolatuko da Santiago Auzo Elkartearen eskutik Bule eta Iñaki-Alaitsu tabernetan. Gainera, Zabaltza plazan txoko informatibo bat kokatuko da ‘Igande Sasoi’ ekimenaren baitan eta 18.00etan 'Euskaldungak' antzezlana eskainiko dute Aroa Blancok eta Maite Lopezek Urdanibia plazan.
Maiatzaren 20an, asteartean, 18.00etan, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen eskutik ZtandaP bakarrizketa ikuskizuna izango da Amaia Kultur Zentroan. Gonbidapenak udal webgunean eskuratu ahal izango dira maiatzaren 7tik aurrera.
Ekimen gehiago
Euskaraldia dela eta anatolatu diren jarduerekin jarraituz, maiatzaren 21ean,19.00etan, Hikodromoa izeneko topaketa izango da Bidasoako Euskaltzaleen Topagunearekin; topaketan parte hartzeko ez da beharrezkoa aurretik egindako ikastaroan egon izana.
Maiatzaren 22an, osteguna, 19.00etan, 'Hatsaren poesia' liburuaren aurkezpena egingo da Zentroko Auzo Elkartearen egoitzan; eta 23an, 15.30ean, Larreaundiko Auzo Elkarteak Eguzkitza eskolako kanpoaldean ‘Eguzkitza kantuz’ ekimena burutuko du, eta 17.00etan, San Miguel Auzo Elkarteak Kamishi-Jai antzerki emanaldia eskainiko du Alberto Anguera plazan. Beranduago, 19.00etan, Amaia Kultur Zentroan Oskarbi taldearen kontzertua izango da. Kasu honetan ere gonbidapenak udal webgunean eskuratu ahal izango dira maiatzaren 7tik aurrera.
Egun bat beranduago, larunbata, 12.00etan, Txorimaloak Soinu Taldeak musika emanaldia eskainiko du San Juan plazan, eta arratsaldean, 17.30etan, Ostomila konpainiak 'Baleazaleak' txotxongilo ikuskizuna egingo du Pio XII plazan.
Azkenik, maiatzaren 25ean, igandea, 12.00etan, Jeiki Hadi Taldearen Mutxikoak izango dira San Juan plazan, eta 18.00etan, itxiera ekitaldia ospatuko da Zabaltza plazan, Skola Music taldearen euskal berbena, Pauso-K taldearen dantza ikuskizuna eta jai giroa lagun.
Bukatzeko, eguna oraindik zehaztu ez bada ere, Alberdania argitaletxeak 'Kutxidazu bidea, Ixabel' liburuaren irakurketa antolatu du, Joxean Sagastizabal egilearen eskutik.