2025eko Errenteriako madalenak gerturatzen ari dira eta Jai Batzordea lanean ari da jada jaietako egitarauari forma ematen. Horri lotuta, uztailaren 24an, Gernika plazan izango den Gazte Guneko egitaraua herriko 14-17 urte bitarteko gazteek aukeratuko dute aurten ere.

Horretarako, Instagram sare sozialaren bitartez (@errenteriaherribizia) botoak jasotzeko prozesu bat jarriko da martxan hilaren 29an eta gazteek bertan bozkatu beharko dituzte proposamenak beren gustuen arabera.

Nahiago duenak, Lekuona Fabrikan egongo den kutxa batean ere utzi ahal izango ditu bere boto eta proposamenak.

Prozesuaren faseak

Prozesua apirilaren 29an eta 30ean hasi da eta egun hauetan hiru diziplina proposatuko dira: musika, kirola eta tailerrak. Era berean, aukera egongo da dizplina horietatik kanpo dauden proposamen berriak egiteko.

Maiatzaren 5ean emaitzaren berri emango da, eta horien arabera, Errenteriako Udalak proposamen zehatzagoak egingo ditu.

Prozesuarekin amaitzeko, proposamen zehatzago horietatik abiatuta, berriz ere jarriko da martxan inkesta behin betiko egitaraua osatzera iritsi arte.

Udalak ekimen honen inguruko mezua zabaltzeko deia egin nahi die Errenteriako gazteei, parte-hartze ahalik eta zabalena bermatzeko.