Elgoibarren, 2025eko apirilaren 7an, Elgoibarko Euskaraldia Taldeak Euskaraldiarekin bat egin duten entitateen agerraldi publikoa antolatu zuen, euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa eta ikusgarritasuna helburu.

Arlo askotarikoak

Oraingoz, 84 bat entitatek eman dute izena Euskaraldia ariketan parte hartzeko, eta horietatik 60 entitatek hartu zuten parte apirilaren 7ko agerraldian.

Parte-hartzaileak arlo askotarikoak dira: kirola, kultura, gizartea, aisialdia, osasuna, euskalduntze-alfabetatzea, hezkuntza, alderdi politikoak, erakunde publikoak eta arlo sozioekonomikoa, besteak beste.

Ikusgarritasuna

Agerraldiaren helburua izan da Euskaraldia ariketa ikusgarri egitea, baina, era berean, Elgoibarko entitateen ardura azpimarratzea euskararen normalizazio prozesuan.

Elgoibar euskaldunago baten alde eginez, entitateek beraien eguneroko jardunean euskararen erabilera sustatzeko duten erantzukizuna azaleratu dute.

Hau da manifestua

Horregatik, agerraldiko talde-argazkiarekin batera, Gure ardura ere bada!" manifestua aurkeztu du Elgoibarko Euskaraldia Taldeak, ekimenaren mezua indartzeko eta Elgoibarko herritarrei konpromiso horrekin bat egitera deia luzatzeko.

Helburuak

Maiatzaren 15tik 25era bitartean gauzatuko da euskararen erabilera sustatzeko asmoz sortu zen ekimena.

Egitasmoaren helburu nagusia hizkuntza-ohiturak aldatzea da, herritarren arteko elkarrizketetan euskararen presentzia handituz. Ahobizi eta Belarriprest rolak izango dira berriz ere ariketa sozialaren oinarri.