Martxoaren 15ean Euskaraldiaren laugarren edizioan parte hartzeko izena emateko epea zabaldu zenetik, 1.000 oñatiar baino gehiago animatu dira ariketa masibo honetan murgiltzera. Herritar gehiago batu eta kopurua handitu nahian, Oñatiko Euskaraldiko Batzordeko hainbat kidek agerraldia egin dute. “Euskaraldi indartsua behar dugu euskararen erabilera areagotzeko, hizkuntza ohiturak eta inertziak aldatzeko, 'ahobiziak' aktibatzeko eta 'belarriprestak' animatzeko”, adierazi du Udaleko Euskara teknikari den Xabier Zabaletak.
Maiatzaren 14ra arte egongo da izena emateko aukera: euskaraldia.eus-en atarian, edo Zubikoa kiroldegian, kultura etxean, Pake Lekuko tabernan eta Eltziako Lagun Lekun Elkartean eskuragarri egongo diren paperen bidez.
Entitateak ere animatu dituzte Euskaraldiari atxikimendua ematera. "Ez dute zertan leku fisiko konkretu bat izan behar, komertzioez gain, adibidez elkarte gastronomikoek, kultura arloko taldeek edo musika taldeek ere eman dezaketelako izena. Hori egiten dutenean pegatina identifikagarri bat emango zaie eta bost euroren truke, baita Euskaraldiko banderatxo bat ere", zehaztu du Julen Agirre dinamizatzaileak. Batzordeko kideekin harremanetan jarrita eman dezakete izena entitateek.
Txapen banaketa
'Ahobizi' eta 'Belarriprest' moduan identifikatzeko erabiliko diren txapei dagokienez, maiatzeko lehenengo hamabostaldian hasiko dira banatzen. Hainbat puntu mugikor jarriko dituzte horretarako (1ean eta 2an, esaterako, Olabartako jaietan), eta Kalebarria kaleko 45. zenbakidun erakinean ere toki finko bat egongo da zabalik, 17:00etatik 20:00etara.
Oñatik 'Euskaraldia Hika'rekin bat egin du
Aurtengo Euskaraldiaren berrikuntzetako bat da 83 herritan, tartean Oñatin, Euskaraldia Hika ere egingo dutela hitanoa sustatzeko. "Oñati arnasgunea izanda eta askok egunerokoan euskara erabiliz, norbaitek pentsa dezake txapa jartzeko zer behar duen. Euskaraldia Hikak aitzakia emango du Euskaraldian parte hartu eta gure hizkera biziberritzen laguntzeko", azpimarratu du ekimeneko batzordekide eta Ingo Xonau! taldeko kide den Idoia Etxeberriak.
Hala, Euskaraldian izena ematean, Hikan parte hartu nahi duten ere galdetzen da. Baiezkoa erantzunez gero, jasoko duten txapan h hizkia izango duen pegatina bat jarriko zaie. Etxeberriak nabarmendu duenez, “Oñatin hitanoa bizirik dago eta erabiltzen da, baina bereziki toka (mutilei zuzendutakoa); horregatik, azken urteetan egindako lanari jarraipena emateko, erronka nagusia noka bultzatzea izango da (emakumeei egiten zaien hika)”.
Ekitaldi ugari larunbat honetatik aurrera
Euskaraldia ospatzeko oraingoz antolatu duten egitaraua ere aurkeztu dute. Lehenengo hitzorduan, larunbat honetan, Mintzodromoa eta Hikadromoa egingo dute Bizipoz-en terrazan, 12.00etatik aurrera.
'Zopa' antzezlana, Hika Eguna, bertso saioa eta 'Bizitu Euskaraldia' bizkleta martxarekin ere gozatzeko aukera egongo da.