Martxoaren 15ean Viva Belgrado eta Naxker taldeen emanaldiekin hasiera eman ondoren, Aitzealdenk! Fest jaialdiaren bigarren hitzordua apirilaren 11n eta 12an izango da Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, Kulturaz Kultur Kooperatibak eta Ayuken Managementek elkarlanean antolatutako ekimenaren baitan.
Bi egun eta lau talde
Aitzealdenk! Fest ez da jaialdi arrunta, baizik eta Azpeitia musika alternatiboaren plaza bilakatu nahi duen proposamen berritzailea.
Oraingoan, Ezpalak, Rodeo, Bala eta Pinpilinpussies taldeek hartuko dute protagonismoa.
Bi egun, lau talde eta zuzeneko musika onena! Rock, stoner eta post-punk doinuek astinduko dute kulturguneko oholtza.
Ostirala eta larunbata
Egitaraua apirilaren 11n hasiko da Ezpalak eta Rodeo taldeen kontzertuarekin.
Apirilaren 12an, berriz, Bala eta Pinpilinpussies igoko dira eszenatokira, bi musika taldeen jarraitzaileen gozamenerako. Ostiraleko eta larunbateko emanaldiak 22:00etan hasiko dira.
Bonuak bi emanaldietarako
Musikazaleek aukera izango dute bi eguneko bonu berezia eskuratzeko, 20 euroren truke. Bonuak eta egun bakoitzeko sarrerak www.kulturaz.eus/agenda atarian daude eskuragarri.