Haren bizitza eta ibilbide euskal kulturaren eta musikaren aldeko konpromiso sakon baten adibide dira”. Horrela aurkeztu dute Monzon-Ganuza 2025 Saria jasoko duen pertsona: Amaia Zubiria (Zubieta auzoa. Donostia, 1947) musikaria. Bergarako alkate den Gorka Artolak eta Olaso Dorrea Fundazioaren lehendakariak, Irati Jimenezek, gaur goizean egindako agerraldian iragarri dute erabakia. Zubiriak martxoaren 27an ospatuko den ekitaldian jasoko du saria.

Amaia Zubiria euskal musikaren historiaren ezinbesteko figura da, bere ahots gardenari eta sentikortasun handiko initerpretazioei esker”, azpimarratu du Artolak. Gaineratu du euskal musikaren esparrua “eraldatu eta aberastu” duela, emakume kantari baten ahotsa lehen lerrora eramanez eta doinu tradizionalak berrituz. "Herri kantak, jazzaren ukitua, poesiaren indarra eta zinema-musikarako ekarpenak uztartu ditu bere ibilbidean, beti berrikuntzaren eta sormenaren bidetik jorratu", esan du Bergarako alkateak.

Amaia Zubiria, saria iragartzen duen kartelean. B.U.

"Maitasuna, borroka eta utopia"

Artolak adierazi du, era berean, Zubiriaren ahotsak belaunaldi ezberdinetako euskal herritarrak "hunkitu" dituela, eta bere mezuari ere egin dio erreferentzia :"Maitasuna, borroka eta utopia uztartzen dituen diskurtsoarekin gura gizartearen izaera propioa aberastu du". "Haren bizitza eta ibilbidea euskal kulturaren eta musikaren aldeko konpromiso sakon baten adibide dira eta saria ez ezik, gure esker ona eta miresmena ere adierazi nahi dizkiogu", azaldu du Artolak.

Monzonen heriotzaren 40. urteurrenaren testuinguruan

Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrenaren testuinguruan, Monzon-Ganuza sariak sortu zituzten 2021ean, Euskal Herriaren kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoan zehar ekarpena egin dieten pertsonak omentzeko. Aurreko edizioetan Libe Goñi, Xabier Amuriza, Jose Luis Elkoro, Mari Karmen Ayastuy eta Jose Mari Esparza izan dira sarituak, eta aurten Amaia Zubiria izango da aintzatespen hori jasoko duen artista.

Olaso Dorrea Fundazioaren lanak zentzurik badu gure arbasoen artean kolosak ditugulako da. Horien bidea jarraitzea edo hobeto esanda, egin zuten lanari jarraipena ematea da gure helburua. Baina sari honekin urtero-urtero geure buruari beste zerbait ere gogoratzen diogu, eta beste zerbait ere esaten diogu Euskal Herriari. Herriko kolosal batean bizi garela. Maite duten kulturaren, hizkuntzaren eta herriaren alde lan egiten dutenak, egunero-egunero eta bizitza osoan zehar”, aipatu du Jimenezek.

Ekitaldia Seminarixoan izango da

Aurtengo Monzon-Ganuza Saria martxoaren 27an Seminarixoan egingo den ekitaldian emango diote Amaia Zubiriari (18.30ean hasita).