2025ean Oiartzungo Udalak lizitatuko dituen kontratu handien aurreikuspena aho batez onartu zuten azkeneko osoko bilkuran . “Anbizio handiko plana” prestatu dutela azpimarratu zuen Joana Mendiburu alkateak. 27 lehiaketa aurreikusi dituzte eta kontratuen iraunaldi osoa kontuan izanda, 17 milioi euroko aurrekontua du planak.
Martxan dauden hainbat zerbitzu berriz lizitatzeaz gain (kale garbiketa, hondakin bilketa edota udal eraikinen garbiketa zerbitzuak, adibidez), obra eta proiektu berriak ere gehitu dituztela azaldu zuen alkateak: Elizalde eskolako patioa eraldatzeko proiektuaren fase berria egitea, Altzibarko gune estalia eraikitzea, Rafael Pikabea errepidea berritzea edota Arraguako ur hoditeria aldatzea.
Obra txikien baimenak
Bestalde, etxeetan obra txikiak egiteko baimena lortzeko araubide berriari hasierako onarpena ere eman zioten udalbatzarrean. 170 obra txiki eskaera jasotzen ditu Udalak urtero, eta proiektu teknikoa beharrezkoa ez den garrantzi tekniko txikiko lanetan, aurkeztu beharreko dokumentazioa gutxitu eta baimena lortzeko izapideak erraztu nahi ditu. Aurretiazko jakinarazpen-sistema bat prestatu dute, baimena emateko erantzun denbora azkartzeko.
Dirulaguntzak
Gainera, urteko dirulaguntza eta hitzarmen proposamenak aho batez onartu zituzten hautetsiek. Hezkuntza arloan, Urmendi haur eskolari 980.000 euroko ekarpena egitea adostu zuten, partzuergoaren 2025eko aurrekontua finan-tzatzeko. Bestalde, 412.500 euroko dirulaguntza emango diote Haurtzaro ikastolari mantenurako.
Kulturari dagokionean, Soinuenea Fundazioari 111.600 euroko ekarpena egingo dio herri-musikaren inguruan ikerketa, trebakuntza, bilketa, kontserbazioa, zabalkundearekin jarraitzeko. Oiartzungo lurretan turismora zuzendutako apartamentu eta etxebizitzak arautzeari ekitea ere onartu zuten. Oiartzungo HAPOa berrikusiko dute, udalerriko erabilera turistikoak eta turismo-ostatuko establezimenduen hirigintza antolamenduari dagokion zatia aztertu eta berridazteko