Euskarazko sormena sustatzeko xedearekin hasi zuen bere ibilbidea Euspot lehiaketak 2012an. Eta ordutik hona bere fruituak jaso ditu. Gaur, hamalaugarren edizioa aurkeztu dute Aretxabaletan. “Harrobia lantzea, talentua erakartzea eta euskarazko publizitatea sortzea. Era berean, aurten helburu nagusia gazteak euskarazko publizitatera gerturatzea izango da, gure hizkuntza Euskal Herrian sortzen den publizitatearen oinarri izan dadin”, azpimarratu dute antolatzaileek.

Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Garikoitz Iturbe, Aretxabaletako alkatea; Arantzazu Lagunilla, Arteman Komunikazioko zuzendaria; Maddi Iregi, Bai Euskarari elkarteko aholkularia; Naiara Okina, Arizmendi ikastolako komunikazio arduraduna, eta Xabi Igoa, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Komunikazio arloko zuzendaria egon dira aurkezpenean.

Gazteen arteko harreman sanoak sustatu beharra

'Zer da laguna izatea?' izango da aurtengo gaia, "adiskidetasun harremanak" izanik inspirazio iturri, antolatzaileen hitzetan. "Gaur gaurko gaia da. Agenda politikoan ere badago gaurko gazteen arteko harreman sanoak sustatu beharra, sareek eragiten dituzten mehatxuak aintzat hartuta, teknologiek ahalbidetzen dituzten komunikazio eta harremanetarako jarrerak, bertatik bertarakoak, harreman inklusiboak, dibertsitateari aurre eginez eraikitzen direnak, eta beste hamaika adibide”, gaineratu dute.

Beraz, 30 segunduko iragarki bat sortzea izango da helburua, gazteen artean “harreman osasuntsuak eta errespetuzkoak sustatzeko”. Adiskidetasuna balioan jarriko duen sport sortzaile eta originalak bilatuko dira. 

Epea: maitzaren 26ra arte

Parte-hartzaileek maiatzaren 26ra arte dute lanak aurkezteko epea. Formatua, gainera, librea izango da, horizontalean edo bertikalean grabatu daitekeelako.

Sariei dagokienez, lau izango dira nagusiak: spot onena, 1.000 euro; Publikoaren Saria, 500 euro; Gazteen Saria, 18 urtez azpikoei zuzenduta, 500 euro; eta musika sinkronizazio onenarena, 300 euro. Horrez gain, bi sari gehigarri banatuko dira: Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onenak 500 euro eskuratuko ditu, eta Arizmendiko ikasleen onenak, aldiz, 250 euro.