Bizi osorako etxebizitzak eskaini ahal izateko Matiaren eta Udalaren arteko alokairu kontratua onartu zuten, aho batez Usurbilgo azkeneko osoko bilkuran. Udalak eskainiko duen baliabide berri bat izango da, zaintza behar duten pertsonak eta haien zaintzaileak bertan bizi daitezen, alokairuan.
Matiarekin sinatuko den kontratuak hamar urterako iraupena izango du, eta Udalak, urtero, 55.200 euro ordainduko dizkio Matiari. Etxebizitza horiek Egurtzegin daude kokatuta, eta Matiarenak dira, jabetzan. Sei dira guztira, eta horietako lau Udalak kudeatuko ditu sinatuko duten kontratuaren bidez.
Zerbitzu hau eskaini ahal izateko Matiaren eta Udalaren arteko kontratua sinatzea onartu du Osoko Bilkurak aho batez
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak baliabide berri horren garrantzia nabarmendu zuen, osoko bilkuran: “Etxebizitza plangintza eta eremu tentsionatuez hitz egiten dugu, eta uste dut garrantzitsua dela, gizartea gero eta zaharragoa den garai honetan, konturatzea haiei begirako etxebizitza politikak ere beharrezkoak direla: euren etxebizitzak dira, maiz, zaharrenak, eta ez dituzte euren beharrak asetzen, igogailurik ez dutelako, ez direlako irisgarriak eta abar”.
Hausturak saihestea
Zaintza behar izanda ere, pertsonek beren etxeetan bizitzen jarraitu nahi dute, Solaberrietaren esanetan, eta ezin den kasuetan egoitzetara joan eta hausturak gertatzen dira euren egunerokoan. “Haustura horiek saihestea da, besteak beste, etxebizitza hauen zereginetako bat, zainduak eta zaintzaileak elkarrekin bizitzen jarraitu dezaketelako, eta, gainera, bien ongizatea zainduko delako, besteak beste, bakoitzak bere espazioa izango duelako”, azaldu zuen alkateak.
Akordioa
Matiarekin sinatuko den kontratutik zenbait aspektu nabarmendu zituen errejidoreak. Batetik, prezioa: Udalak Matiari, urtero, 55.200 euro ordainduko dizkio lau etxebizitzen alokairuagatik eta etxebizitza horiek lotzen dituen gune komunitarioen garbiketagatik. Etxebizitzen alokairuak zaintza ere barne hartuko du, gainera: erreferentziazko gizarte langile bat izango dute euren egoerak kudeatzen laguntzeko.
Bestetik, kontratuaren iraupena hamar urtekoa izango da. Udalak etxebizitza horiek alokairuan eskainiko ditu: ez dagoenez jakiterik zenbat luza daitezkeen, jada adostu dute Udalaren eta Matiaren arteko kontratua ez dela bukatuko Udalak herritarrarekin duen kontratua amaitu arte.
Ordenantza
Udalak, orain, etxebizitza horiek esleitzeko ordenantza prestatu behar du, aurrez Txirikordan egin bezala. Udarako onartu nahi da, etxebizitza horiek ahalik eta lasterren eskaini ahal izateko.
Aditzera eman dutenez, Usurbil herri zaintzailea izateko lanean ari da Udala, hainbat eragile, herritar eta sektoreko zerbitzu eta profesionalekin, iraupen luzeko zainketak jasangarriagoak izan daitezen. Pertsona ardatz duen arreta da eredu berriaren oinarria: etxean bizi ezin bada, etxean bezalako ekipamenduak eskaintzea da eredu horren zutabeetako bat. Usurbilen horri lotutako aldaketak izan dira azken urteetan: belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa den Txirikordak zaintzak ikuspegi prebentibo batetik lantzen ditu, eta hala sortu da Egurtzegi ere, zaintzadun etxebizitzen auzunea. Hurrengo urratsa bizi osorako etxebizitzak izango dira.