Santa Ageda bezperako koplak ez dira faltako Oarsoaldean
Behin otsailan murgilduta, Santa Ageda bezpera ospatuko da Oarsoaldeko lau herrietan. Hasteko, Errenteriako plaza eta tabernetan ez dira koplarik ez bertsorik faltako, Ereintza elkartearen eskutik. Taldekideak 18.00etan bilduko dira Ereintzako egoitzan (Juan de Olazabal kalea, 23 behera). Entsegu labur baten ondoren, Desira tabernan egingo dute lehen saioa 18.30ean.
Jarraian, Madalena kalera abiatuko dira eta 18.50eanXenpelar Etxeari eskainiko dizkiote bertsoak, Xenpelar bertso eskolako taldearekin batera. Ondoren, 19.05ean, Leku Zaharra tabernak ongietorria eskainiko die koplariei.
Mikelazulon egingo dute geldialdia 19.25ean, taldeak “hain kuttun duen leku enblematiko honi bertso batzuk eskaintzeko”, adierazi dute Ereintza elkartetik. Ondoren, Kerala tabernan (19.40ean), Donosti sagardotegian (20.00etan) eta Gamon tabernan (20.25ean) ere sartu-irtentxoa egingo dute umore onari eutsiz.
Amaiera
Azkenik, udaletxeko arkupeetan, 20.45ean, Santa Agedaren koplen ospakizunari amaiera emanaz, berriro bertso eskolako taldearekin bat eginez, “gaur egun gure herrian kezkagarria eta gaurkotasun handia duen gaia landuko dute bi taldeek: Errenteria, Etxebizitzarako Gune Tentsionatu izendatu izana”.
Aipatzekoa da, koplari gisa hain gertukoa zaien Amaia Agirre arituko dela. Soinujoleak Doike taldekoak izango dira eta Ereintzako txistulariak, ohikoa den bezala, joan-etorri guztietan arituko dira. Ohitura denez, Xabier Vesga izango da talde osoaren zuzendaria.
Azpimarratu behar da, halaber, abesbatzak kantatuko dituen bertso guztiak, 35 guztira, sortu berriak direla eta horien egilea Julian Albistur izan dela, Ereintzatik bere lan bikaina eskertu nahi diotelarik.
Esan gabe doa taldea erabat irekia dela parte hartu nahi duen edonorentzat beti ere ohiko jazkerak mantenduz. Beraz, dei berezi bat zabaltzen diete errenteriar guztiei parte har dezaten adierazitako lekuetan.
Pasaia
Pasaiakolau barrutietan ekitaldiak egongo dira gaur arratsaldean. Guztiak 19.00etan hasiko dira, Donibanekoa ezik 18.00etan aterako dela Meipitik.
Antxon, Alkartasuna euskal dantza taldeko kideak Blas de Lezoko egoitzatik abiatuko dira eta tabernaz taberna arituko dira abesten. San Pedron, bestalde, Udal Aretoan elkartuko dira.
Trintxerpen Pasaiako udal euskaltegiko eta musika eskolako kideak Santa Agedako koplak abestera aterako dira, ikasle, txistulari, trikitilari, Illunbe abesbatza eta bertan parte hartzera animatzen den pasaitar ororekin batera.
Oiartzun eta Lezo
Bestalde, Oiartzunen hiru saio egongo dira: 11.00etan Haurtzaro ikastola; 14.30ean oles oles kantatzera Haurtzaroko LH 2. eta 3.zikloak, eta 19.00etan Lartaun abesbatzaren eskutik. Azkenik, Lezon,Tomas Garbizu musika eskolatik irtengo dira, kaleetan zehar koplak abestera, 19.00etan. Ekitaldi hau herritar orori irekia da eta eskatzen den bakarra baserritar arropa eta makila dira.