Euskal Fondoa, Lankidetzarako Tokiko Erakundeen Elkartearen bitartez, euskal udalerriek finantziatutako garapenerako nazioarteko lankidetza programa baten baitan, El Salvadorreko ordezkaritza baten bisita tekniko-instituzionala jaso zuten Goiekik, Goierriko Garapen Agentziak, eta Goiturrek, Goierriko Turismo Agentziak. Los Izalcos, 2024-2030 Mikroeskualdearen Garapen Turistikorako Plana formulatu eta garatzeaz arduratzen den taldeak bisitatu zuen Goierri. El Salvadorreko ordezkaritza honako hau izan zen: Patricia Canales, CDMYPE USOko (Sonsonateko Unibertsitateko Mikro eta Enpresa Txikirako Garapen Zentroa) zuzendaria; Keysi Centeno, Los Izalcos Mankomunitatearen Garapen Turistikorako Planaren proiektuaren arduraduna; eta Josue Bonilla, Los Izalcos Mankomunitateko gerentea.
Astelehenetik asteazkenera bitarteko bisita egin zuten eta bertan, Goierri eskualdeko eredua ezagutzeko helburuarekin, hainbat toki bisitatu zituzten, izan ere Goierri erreferentziazko eskualdetzat dute: toki garapen ekonomikoa sustatzen duten udalerriak ezagutu zituzten, Goierriko Berrikuntza Gunea, Ordiziako Azoka, D’Elikatuz interpretazio zentroa, Zeraingo museo etnografikoa eta Segurako Ondarre baserria, besteak beste. Gainera, turismo-erakunde eta enpresekin bilerak ere izan zituzten. Datozen egunetan, Gipuzkoan zehar beste bisita batzuk burutuko dituzte.
Pasa den urritik martxan
Goieki eta Goiturren lankidetza proiektu hau 2024ko urrian hasi zen El Salvadorren, Los Izalcos Mikroeskualdean (Sonsonate Iparraldean eta Sonsonate Ekialdean) dauden udalerrien Garapen Turistikorako Plana egiteko prozesua abian jartzearekin batera. Aurreko urtean sortu zen Turismoa Garatzeko Planaren helburu nagusietako bat emakume eta gazte ekintzaileentzako aukera ekonomikoak sortzea izan zen. Sonsonateko Unibertsitatearen (USO) parte-hartze aktiboarekin gauzatzen ari da nahia. Euskal Fondoak emandako datuen arabera, proiektuak 1.767 pertsonari eragingo die positiboki, horietatik %62 emakumeak izanik eta %38 gizonak.