Usurbilgo Udalak eta Aniztasun Kontseiluak harrera egingo diete 2024an Usurbilera bizitzera etorritako bizilagunei. Udaletxeko pleno aretoan izango da harrera otsailaren 1ean 11.30ean, eta horren ostean Usurbil Museo Irekia bisita gidatuarekin herria gehiago ezagutzeko aukera.

Helburuak

Hainbat helburu ditu harrera bilerak, besteak beste, elkar ezagutzea, harreman berriak sortzeko aukerak zabaltzea eta herriko elkarbizitza erraztea.

Herriko baliabideen berri eman ostean, herriko ondarea eta euskal kultura ezagutarazteko 650 Usurbil Bizi proiektuaren bidez eskaintzen diren bisita gidatu berezia prestatu dute haientzat, Usurbil hobeto ezagutzeko aukera emango dielakoan.

Gonbidapen gutuna

Hitzordura gonbidatzeko gutun bana bidali diete etxera. Azken urteetan sortutako proiektuak gogora ekarri ditu alkateak gutunean, besteak beste, plan estrategikoaren osaketa, Migrazioari maskarak erauzten dokumentala, Mundualdia jaialdiak, Aniztasun Kontseiluaren sorreraOngietorri Gida eta Usurbil harrera herri bilakatzeko martxan jarritako etorri berrientzako harrera zerbitzua.

Aniztasuna

Udaleko errolda datuek erakusten dutenez, hazi egin da hainbat jatorritako herritar berrien kopurua, eta, ondorioz, jatorri, kultura, hizkuntza, erlijio eta, oro har, identitate aniztasunaren kudeaketa erronka handia da Usurbilentzat, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak gutunean nabarmendu duenez.

“Gure premisa edota abiapuntua argia da: aniztasuna ez da mehatxu bat, aberastasuna baizik”. Gaia modu egokian kudeatu eta jatorri aniztasuna kohesio sozialerako elementu izan dadin nahi du Udalak, eta asmo horrekin hasi zen garatzen Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen lan-ildoa: “Aniztasuna balio positibo moduan sustatzen duen herri-ikuskera, jatorria edozein dela ere, pertsona guztien aukera berdintasuna bermatu asmo duen udal-jarduna, eta elkar ezagutzan eta aitortzan oinarritutako ekimenak barnebiltzen dituen lan-ildoa da, hain justu”.