Maiatzaren 15etik 25era Euskaraldia burutuko da Hondarribian eta, ekimena antolatzeaz eta bultzatzeaz arduratuko den taldea antolatzeko, otsailaren 4an, 18.30ean, bilera irekia egingo da Udaletxeko Areto Nagusian.
Deialdia norbanakoei, elkarteei zein eragileei zuzenduta dago, izan ere, Udaletik adierazi dutenez, denek dute zeresana eta zeregina aktibazioan. “Hizkuntz ohiturak aldatzea muin, uste dugu lanketa honen eragin biderkatzailea handia izan daitekeela. Euskaraldia harreman berriak sortzeko baliatu behar dugu, ilusioa pizteko, nortasuna sendotzeko. Horretarako gako izango da ondo saretzea eta daukagun indarra ondo kudeatzea”, esan dute.
Gainera, Euskaraldia oraindik beharrezkoagoa egiten duten datuak gogorarazi dituzte: hondarribiarren artean hamarretik zazpi euskaraz aritzeko gai diren arren, bi baino gutxiago dira erabiltzen dutenak.