Labore Oarso komunitatea elikadura sistema jasangarrian eta bertako zein garaian garaiko produktuetan oinarritzen da. “Kontsumo osasuntsuaren eta arduratsuaren alde eginez, gure komunitatea eta ingurumena zaintzen ditugu eta tokiko ekonomia zuzena sustatzen dugu, euskaratik eta euskaraz gainera”, adierazten dute Labore Oarsotik.
0km filosofia
Hau lortzeko produktu taldea dago. Izan ere, bertako produktu osasuntsuen aldeko apustua egiten dute, 0km filosofiari jarraiki ekonomia lokala suspertu eta ingurumenean dugun inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin saiatuz. “Gure komunitateak kontsumo eredu arduratsuan sinesten du eta tokiko garapena bultzatzeko lan egiten du. Oarsoaldeko ekoizleen produktuak dira gure oinarria eta produktu bat gure eskualdetik at baino ezin denean eskuratu, ahalik eta gertukoena bilatzen dugu”, azaltzen dute.
Oiartzunen duten dendan saltzen dira produktu horiek eta ekoizle txikiek beraiek jar-tzen diote prezio justua egindako lanari, lan-baldintza duinak izan ditzaten eta, aldi berean, elikagai osasuntsuak ez daitezen luxua izan, eskubide baizik.
Agroekologikoak
Produktu horiek nekazaritza agroekologikokoak dira: “Gure gorputzak eta lurrak zain-tzen ditugu”, aldarrikatzen dute. “Gehigarririk gabeko eta sasoian sasoiko produktuekin egiten dugu lan. Osasuntsu elikatu ahal izatea denon eskubidea dela ulertzen dugu”, azpimarratzen dute.
0 km filosofiari jarraiki, “Oarsoaldeko ekoizleen produktuak dira gure oinarria
Hortaz, Oiartzungo dendan produktu ekologikoak eta konbentzionalak eskaintzen dituzte, ekologikoak ez izan arren, osasuntsuak direnaren ziurtasuna izanik eta ekoizleak agroekologiarantz bidea egin dezaten bultzatuz: “Dendan produktuen inguruko informazio gardena eskaintzen dugu (ekologikoa den ala ez, zuzenean ekoizleari erosia den ala bitartekari baten bidez eskuratu dugun, jatorria, zenbat kilometrora dagoen ekoizlea, prezioaren banaketa ekoizlearen eta gure artean, etab.)”.
Gainera, Laboren naturaren zikloak errespetatzen dituzte eta horrek berarekin dakar urteko sasoiaren arabera eskaintza aldatzea. “Hortaz urtean zehar gure barazki eta frutaren eskaintza aldatzen goaz garaiaren arabera gure gorputzek behar dituzten elikagaiak egoera optimoenean eskuratzea eta dieta orekatu eta anitza eramatea ahalbidetuz Laborezainoi”, azpimarratzen dute. Urtarrileko produktu batzuk apioa, aza, letxuga, brokolia, laranja eta mandarina, kiwia, aguakatea eta erremolatxa dira.
Ekonomia zirkularra
Dendako produktuak aukeratzeko garaian kontuan duten beste puntu bat ekonomia zirkularra da: “Ahal dugun guztia pisura eskaintzen dugu eta produktu transformatuen kasuan ontziratzeari erreparatzen diogu, ahal dela ontzien berrerabilera sustatuz eta ezin denean behintzat ontzi birziklagarrien aldeko hautua eginez”.
Esan bezala, Laboren gertuko ekoizleen produktu freskoak saltzen dituzte. Zenbait ekoizlek egunero ekartzen dituzte beren salgaiak, hala nola Oiartzungo Elika eta Arraztaloko baratzezainek. Bestalde, iraungitze epe laburreko produktuak dituzten gainerako ekoizle txikiek asteroko banaketa egun konkretuak dituzte.
Nekazari, abeltzain eta artisau txikiek jartzen diote prezioa egindako lanari, justua izan dadin
Honenbestez, egungo kontsumo eredua iraultzea da bere asmoa eta horretarako lan pedagogikoa egiten saiatzen dira. Beren lan ildoak osasuna, ingurumena, ekonomia soziala, ekologia, etab. dira. Horretarako barne zein kanpo komunikazio kanalez gain, kontzientziazio kanpaina bereziak ere egiten dituzte.
Ikastaroak
Gainera, dendan bertan duten sukaldea aitzakiatzat hartuta, ekoizleen aurkezpenak, sukaldaritzako ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak eta talde dinamikak, besteak beste, antolatzen dituzte.
“Ekimen hauekin ere komunitatea egin nahi dugu, gure arteko ezagutza eta harremanak sustatuz, familia handi bat osatzen baitugu. Oinarri hauek garatu eta praktikara eramateko, etxetzat dugun denda kooperatiboa kudeatzen dugu, Oiartzunen (Ihurrita bidea)”, azpimarratzen dute.
Auzolana
Auzolana Labore egitasmoaren oinarria da eta bazkideek auzolan puntualetan zein iraunkorretan parte hartzeko aukera dute.
Auzolan puntualak honakoak izan daitezke: urteko garbiketa orokorra, larunbat goizetan dendari lanak, norberaren eremuko gaien inguruko hitzaldiak eta tailerrak eskaintzea (nutrizioa, osasuna, sukaldaritza, etab.), kanpo ekintzak iragartzeko kartelak zabaltzea, hi-tzaldiek iraun bitartean haurrak zaintzea… Bazkide izan eta auzolan hauetako batean parte hartu nahiko dutenek nahiko dute dendan jakinaraztearekin eta info@laboreoarso.eus helbidera mezu bat bidaltzearekin.
Bestalde, auzolan iraunkorrak taldetan daude antolatuak: mantenuaz arduratzen direnak, kooperatiban salgai jartzen diren produktuak aukeratzen dituztenak, komunitateko kide guztiak zaintzen dituzten konplizeak, laborategia, komunikazio taldea eta talde eragilea.
Artisautza
Laboren, nekazaritza eta abeltzaintza produktuez gain, artisau eskaintza ere badute. Berriki makillajeko espositore berria lortu dute, Kataluniako enpresa batek osagai ekologikoekin eginikoa. “Aukera zabala eta konpletoa duzue, gustu guztietara egokitzeko modukoa: ezpainetakoak, begi-itzalak, koloreteak, makillaje mota desberdinak, begi-arkatzak, arkatz argitzaileak, betile-maskarak, bekainerako gelak,... Opari, autopari zein autokontsumorako kalitatezko produktuak dira”, animatu dute Labore Oarsotik.
Eguberrietan ere, Oparien Txokoa ipintzen dute, herriko artisauen sorkuntzekin: Munakuykiren pultsera, lepoko eta belarritakoak eta Amabitxiren lepoko eta belarritakoak, bien kasuan enkarguz eskatu daitezke nahi den kolore eta formarekin; Kalistoren oihalezko poltsak eta Artilea Munduraren zapatilak. Baina baita Inor Ez Da Ilegalaren sudadera eta poltsak; Izan Iñurriren egutegi, zapi, giltzetako, koletero, poltsa eta nezeserrak eta Argia eta Bizi Baratzearen argitalpenak, liburuak eta jolasak ere aurki daitezke.