Ekiherri, Errenteriako herritarrez osatutako energia komunitatea, 2023ko martxoaren 27an aurkeztu zen publikoki Niessen Kulturguneko auditorioan. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba honen helburu nagusia, gaur egungo eredu energetikoa eraldatzeko eragile aktiboa izatea da.

Plaka fotovoltaikoak

Energia berriztagarriak erabiltzeko bidean, plaka fotovoltaikoak instalatzeko estalki bat beharrezkotzat jotzen zuten eta hori izan zen bere lehenengo helburua. Urtebete lanean ibili ostean, 2024ko apirilean lehenengo teilatua lortu zuten, Egiluze ikastetxeari esker.

Lana hau ez da makala, edozein estalkik ez duelako balio instalakuntza bat egiteko. Estalkiek baldintza jakin batzuk behar dituzte, hala nola: orientazio egokia izatea, hegoaldera; 600 metro karratu ingurukoak; lauak eta teilarik gabekoak. Gainera, ez dute hirigunetik oso urrun egon behar.

Martxan jartzeko prest

Urrian amaitu zuten lehenengo instalazioaren muntaketa Egiluzen. Instalazioa 125,24 kWp-ko potentziako da, 248 plaka-unitatez osatutakoa. Aurre azterketa bat egin zuen Goienerrek, gaur egungo bazkideen elektrizitate horniduren kontsumoarekin eta lagin hori kontuan hartuta gutxi gorabehera 130 bazkide inguruk partekatu ahal izango dute autokontsumoa.

Momentuz, lehenengo instalazio hau ez dago martxan, azkeneko tramiteak egiten ari dira eta Iberdrolaren baimena beharko dute bertan sortzen den energia erabili ahal izateko. “Ez dakigu zenbat denbora beharko duten, bi, hiru edo lau hilabete, agian, baina baimena jaso bezain laster martxan izango da”, adierazi dute Ekiherritik.

Irabazi asmorik gabeko kooperatiba honen helburu nagusia eredu energetikoa eraldatzea da

Hurrengo erronka

Energia kooperatibaren hurrengo erronka bigarren teilatu bat bilatzea izango da bazkideentzako beste instalakuntza bat ezarri ahal izateko. Buru-belarri dabiltza jadanik bilaketa honetan baina zaila egiten ari zaie: “Estalki pribatuak begiratzen ari gara, publikoak Udalak berak erabiltzen dituelako bere energia beharren zati bat asetzeko. Ikastetxeekin eta jabeen komunitateekin harremanetan gaude, baina ez da erraza izaten ari”. Hala eta guztiz ere, dena ondo bidean, Ekiherriren aurreikuspenen arabera, bigarren instaluntza hori datorren urterako lor daiteke.

Ekiherriko hainbat bazkide. Oarsobidasoko Hitza

Errenteria osorako

Egiluzen sortzen den energia bi kilometroko erradioan dauden etxebizitzen eta bazkideen artean erabili ahal izango da. Distantzia honetan ia Errenteria osoa sartzen da, Kaputxinoak auzoko bi eraikin izan ezik. “Momentuz toki horietatik ez dugu bazkide izateko eskaerarik jaso, baina nahiko genukeena da bigarren instalakuntza hori gaur egun iristen ez garen puntuetara iristea”, azaldu dute herritarren kooperatibatik. 

Egiluzeko instalazioaren aurkezpenean, komunitatetik azpimarratu zutenez, “energia guztiontzat eskuragarri izateko eskubidea da eta ekonomia sozial eraldatzaileak lan positibo bat egin dezakeela bazterketa soziala eta pobrezia energetikoa, bereziki emakume aurpegia dutenak, gainditzen laguntzeko”.

“Egiluze ikastetxetik elkarlan honek gure ikastetxeak herritarrekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoa indartzen duela ospatzen dugu, Ekiherri Energia Komunitateak dituen helburu ekosozialekin bat eginez”, gaineratu zuten.

Momentu honetan bigarren estalki baten bila dabiltza beste instalazio bat ezartzeko

“Hau, energia eraginkortasuna hobetzeko hasiberri dugun fatxada eraldaketa proiektuarekin batera, ikastetxeko hezkuntza proiektuaren erakusgarri da, giza balioetan, ingurugiroan eta gure udalerriak eskaintzen dizkigun indarguneetan oinarrituta dagoena”, defendatu zuten.

Komunitate irekia

Energia komunitatea herritar orori irekia da, “egungo energia sistema aldatzeko interesa dugun herritarrek sortua da, trantsizio justua bermatuta”. Helburu nagusia, energia kontsumoa murriztea du komunitate honek, baita energia fakturak merketzea ere, energia berriztagarrian erreferente izanik erregai fosilekiko dagoen menpekotasuna murriztuta. Energia subiranotasunaren alde egin nahi dutela errepikatu zuten, erabaki propioak hartu ahal izateko eremu ezberdinetan.