Oiartzungo Udalak kontserbaziorako ekintzak eta bestelako egurgintza eredu baten aldeko praktikak martxan jarri nahi ditu eta landalur izaerako lursailak erosteko prozedura jarri du abian. 25.000 euro bideratuko ditu horretara.
Hortaz, udalerrian dauden basoak, landatutako basoak, ibaiertzeko basoak, zuhaixkak edota sastrakadiak erosi nahi ditu. Helburua bertako espezie, baso eta ekosistemen kontserbazioa indartzea eta bioaniztasunaren galera geldituko duten politikak sustatzea da. Lur pribatuak publifikatuta, basogintza eredu ekologikoa ezarri nahi du, bestelako egurgintza eredu baten aldeko praktikak martxan jarriz.
Lizitazio prozedura
Lurrak erosteko lizitazio prozedura ireki du. Hektareako 3.500 euroko prezioa finkatu du. Beraz, lizitaziora aurkezten diren eskaintzak prezio horren pareko edo azpiko proposamenak izan beharko dira. Interesdunek otsailaren 12a arteko epea dute beraien eskaintzak aurkezteko.
Eskaintzen diren lursailek gutxienez hektarea bateko azalera izan beharko dute baldin eta, jabetza erregistroan berezitako finka gisa jasota ez badago, Udalaren jabegoko lursail batekin mugakide ez bada, proposatzen diren beste lursail batzuekin mugakide izaki horiekin batuta hektarea bat baino azalera handiagoa osatzen ez badute.
Baldintzak
Edozein kasutan, bereizten den lurzatiaren finka nagusiak hektarea bat baino gehiagoko azalera izan beharko du. Gainera, eskaintzen diren lursailak mota guztietako kargetatik libre egon beharko dira eta jabeak gastu, zerga eta erkidego kuota guztien ordainak egunean izan beharko ditu.
Lizitatzaile bakoitzak nahi beste lursail aurkezteko aukera izango du, baina finka bakoitza banan-banan baloratuko da. Eskaintza ekonomikoaz gain, batasunaren intereseko habitatak, ingurumen babeserako sailkapena, herriko ur-sareari egiten zaion ekarpena, lursailaren azalera eta Udalaren jabetzako lursailekiko hurbiltasuna baloratuko dira. Jasotako puntuazioaren araberako zerrenda osatuko da, udal aurrekontuetan dagoen diru atala agortu arte.
Esan bezala, proposamenak otsailaren 12ra arte aurkez daitezke udaletxean. Proposamenak eta dokumentazioa aurkezterakoan egon daitezkeen zalantzak argitzeko udaletxera deitu daiteke, 943 490 142 telefonora.
Abeltzainekin bilera
Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez, urtean zehar hainbat bilera egiten ditu Goilarrek (Oiartzungo abeltzainen ordezkariek, Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorlur-eko teknikariek osatzen duten programa), herriko mendietako beharrak antzeman eta kudeatzeko.
Urte hasieran elkartu ohi dira, hurrengo hilabeteetan egin beharrekoak zehazteko, larunbatean, hilaren 25ean, egingo dute 2025eko lanak adosteko bilera. Oiartzungo udaletxeko pleno aretoan elkartuko dira, 11.30ean.
2024. urtean zehar mendiko larreetan egindako lanen azalpena emango dute teknikariek, eta denen artean 2025erako beharrak identifikatu eta lehentasunak zehaztuko dituzte. Herriko abeltzain denak gonbidatu dituzte parte hartzera.