Mondragon Unibersitatearen Arrasateko Iturripeko campusak First Lego League lehiaketako Euskadiko finaletako bat hartuko du otsailaren 22ean. Torneoaren garapen egokia bermatzeko, boluntarioen papera ezinbestekoa da eta antolatzaileek eginkizun hau betetzera animatzeko deia egin dute.

Aurtengo gaia itsas azpiko bizitza izango da eta, Lego piezez eraikitako robot batekin, robot jokoak planteatzen dituen erronkei aurre egin beharko diete ikasleek. 'Submerged' erronkaren bidez, ozeanoak nola eta zergatik esploratzen dituzten ikasi dute, teknologia modu sortzailean erabiliz. "Oso esanguratsua eta desberdina da gaia, beste batzuekin alderatuta. Hasiera batean, badirudi teknologiatik urrun egon daitekeela, baina hor dago gakoa. Ikasleek bilatu behar dute non dagoen desberdintasun hori eta nola egin dezaketen teknologiak lagun dezan itsas azpiko bizitza hobetzeko", nabarmendu du MUko Goi Eskola Politeknikoko Ingeniaritza koordinatzaile eta ikertzaile den Nekane Errastik.

43 taldek parte hartuko dute

Errastik azpimarratu duenez, talde kopurua hazi egin da aurten: "27 talde izango dira 'challenge' kategoriakoak, 10 eta 16 urte artekoak eta beste 17 talde 'explore' kategoriakoak, 6 eta 10 urte artekoak. Guztira 43 talde dira eta orain arte 35 talderen bueltan ibili izan gara. Beraz, urtez urte hazten ari den lehiaketa bat da". Hala, 800 bat lagun batuko direla aurreikusten dute, 350 ikasleak eta haien gurasoak kontuan izanda.

Arrasatekoa Euskadiko lau egoitzetako bat da

Lau egoitza izango ditu Euskadiko First Lego League finalak, horietako bat Arrasaten. “Jardunaldiak egoki funtzionatzeko behar beharrezkoa da boluntarioen laguntza”, adierazi du Errastik. Horretarako, hemen izena eman beharko da.

Boluntarioen lanak

Askotariko lanak egingo dituzte horiek: arbitroek, roboten jolasa kontrolatuko dute; epaileek, taldeen lana baloratu eta sariak erabakiko dituzte; floater-ek, taldeei laguntza emango diete hitzordu ezberdinetara garaiz iristen direla bermatzeko; zientzialariek, FLL Junior taldeen lana baloratu eta lorpenak zorionduko dituzte, eta timekeeper eta scorekeeper-ek, mahai-jokoaren software-a eta partiden iraupena kontrolatuko dituzte; eremuen arduradunek, azkenik, lehiaketaren eremuak kontrolatuko dituzte, taldeek prozesu osoaz gozatzen dutela bermatzeko. 

Aste honetan lehiaketaren aurkezpena egindako ekitaldian Arrasateko alkateak, Maider Morrasek, ere parte hartu du. “Unibersitate zein enpresa ezagutzari balioa ematen dio lehiaketak eta, aldi berean, teknologia talentuaren hiri bilakatzen du Arrasate. Gainera, modu sortzaile eta dibertigarrian, teknologien eta berrikuntzen mundura sartzeko aukera ematen die gazteei”, aipatu du alkateak.

Bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzen

Gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak modu praktikoan eta dibertigarrian sustatzeko erreferentziazko hezkuntza-programa da First Lego League, eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta EHUk antolatzen dute nazioarteko hezkuntza-programa hau Euskadin.

Arrasateko ekitaldiak Udalaren eta Mondragon Korporazioko hainbat kooperatibaren babesa izango du: Ausolan, Danobatgroup, Erreka, Fagor Taldea, Ikerlan, Krean, Laboral Kutxa, LKS Next, Lortek eta Maier.