Arrasateko Del Val eta Rebel Noise, eta Oñatiko Malko taldeek osatuko dute Danbaka Musika Lehiaketaren finalaren kartela. Hitzordua ostiral honetan izango da Bergarako Seminarixoko oholtza gainean, 21.30ean hasita.

Arrasateko Del Val taldea. Goiena.

Hamasei proposamenek parte hartu dute Goiena Komunikazio Taldeak antolatzen duen lehiaketaren seigarren edizioan, eta horietatik hiru aukeratu ditu epaimahaiak finalera igaro daitezen.

Rebel Noise talde arrasatearra Seminarixoko taula gainean. Goiena.

Disko bat grabatzeko aukera

Sari nagusiaz gain, Publikoaren Saria eta Danbaka-Ekinez Saria era banatuko dira ostiral honetako ekitaldian. Talde irabazleak disko bat kaleratzeko aukera izango du; publikoaren boto gehien jasotzen dituenak, berriz, bideoklip bat grabatu ahalko du; eta, azkenik, Danbaka-Ekinez Sariak jasotzen duenak datorren maiatzaren 30ean eta 31n Bergarako Labegaraieta auzoan egingo den jaialdian joko du.

Oñatiko Malko taldea. Goiena.

Areto kanpoaldeko 'chill out' gunea Bergarako Turtukiña Kolektiboak girotuko du (20:00etatik aurrera).