Urretxu eta Zumarragako udalek arte eszenikoen egitaraua aurkeztu dute. 2025erako helduentzako bederatzi antzerki saio eta haurrentzako zazpi saio programatu dituzte. Maiatzaren 9an Jon Plazaola urretxuarrak eta Aitziber Garmendia zaldibiarrak Arizona lana antzeztuko dute Zelai Arizti aretoan.

Helduentzako antzezlanak Zumarragako Zelai Arizti aretoan izango dira, 20.15ean. Otsailaren 7an Yllana konpainiak 'Passport' komedia taularatuko du (gazteleraz). Ikusleak bost kontinenteetan zehar eramango dituzte eta aireportu, geltoki eta furgonetetan hamaika xelebrekeria biziko dituzte. Martxoaren 7an Artedrama taldeak 'Miñan' antzeztuko du (euskaraz). Antzezlan hori Amets Arzalluz eta Ibrahima Balderen liburu arrakastatsuan oinarritua dago. Ibrahimak bere anaiaren bila Afrikatik Europara egindako bidaia kontatzen du.

Apirilaren 4an Alberto San Juanek 'Lorca en Nueva York' lana antzeztuko du (gazteleraz). Maiatzaren 9an Jon Plazaolak eta Aitziber Garmendiak 'Arizona' antzeztuko dute (euskaraz). Protagonista bere jabegoko mugak defendatu nahi dituen bikotea da. Ekainaren 6an Igor Calongek 'Nee' dantza ikuskizuna eskainiko du.

Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola. N.G.

Uztailean eta abuztuan ez da antzerki saiorik izango. Irailaren 5ean Tartean taldeak 'Ay, gure juaneteak' lana antzeztuko du: Laboaren kantak gaur egungo gizabere baten begiradatik. Urriaren 3an 'Menina, soy una puta obra de Velazquez' lana an-tzeztuko dute. Protagonista umetatik lodifobia pairatu behar izan duen emakume bat da. Azaroaren 7an Txalo konpainiak 'Amak' lana taularatuko du. Ikastola bateko itxaron gelan atera ezinik gelditzen diren lau emakumeen istorioa da. Bukatzeko, abenduaren 5an Morfeo taldeak 'Strip-tease' lana antzeztuko du. Komedia honetako protagonistak konturatu gabe gela txiki eta itxi batean bukatu duten bi gizon dira.

Sarrerek 10 euro balio dute. Gazte Txartela aurkezten dutenek 7 euro bakarrik ordainduko dute. Eta saioa hasi aurreko ordu erdian aurkezten dutenek 5 euro ordainduko dute. Bonua eskuratzeko aukera ere izango da, 70 euroan. Euskarazko antzezlanez bakarrik gozatzeko aukera ematen duen bonuak, berriz, 35 euro balio du.

Haurrentzako antzezlanei dagokienez, guztiak Urretxun izango dira, 17.00etan. Otsailaren 16an Behibi’s taldeak 'Murren bidaia' antzeztuko du (5 urtetik gorakoentzat), martxoaren 16an Potx eta Lotx pailazoek 'Lagunekin topa!' (adin guztikoentzat), apirilaren 13an Gorakadak 'Kelonia eta itsasoa' (4 urtetik gorakoentzat), maiatzaren 11n Porrotx, Marimotots, Pupu eta 'Lorek Ostirala iritsi da!' (adin guztikoentzat), urriaren 19an Markeliñek 'Zepo zapo' (5 urtetik gorakoentzat), azaroaren 16an Aukeran dantza taldeak 'Amama' (4 urtetik gorakoentzat) eta abenduaren 14an Zirko Txoskok 'Oh-pera!' (adin guztikoentzat). Saio guztiak Labeaga aretoan izango dira, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lorerena ezik. Hauena Ederrena piloalekuan izango da.

Labeagako saioetarako sarrerak 5 euro balio du eta Ederrenako saiorako sarrerak 7 euro. Zazpi ikuskizunetarako bonuak 20 euro balio du. Urteroko moduan, haurrari heldu batekin joateko aukera ematen dion bonua ere salgai jarriko dute. Bonu horrek 30 euro balio du.