Aurten Euskaraldia udaberrian izango da. Hala, maiatzaren 15etik 25era euskararen erabilera areagotzeko ariketa kolektiboa egingo da Euskal Herri osoan, beraz, baita Pasaian ere.
“Aurtengoa, Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia izatea nahi dugu. Hamaika egun horiekin euskararen erabilera indartzeko jarrera beste hamaika egunetara zabal dadin eta euskara sustatzeko gogoa eta beharra sentitzen duten pasaitarren sarea antolatzeko” azpimarratu du aurkezpenean Alberto Apillanezek, Antxoko Ariguneko kideak.
“Hizkuntza ohiturak euskararen mesedetan astintzeko hamaika egun izango ditugu. Elkarrekin, euskara eremu guztietara zabaltzeko aukera paregabea. Etxean, kalean, lanean, aisialdian, ikastetxean...” gaineratu du Alazne Uriak, Bokale Euskararen Aholku Batzordeko kideak.
Hamaikakoa
“Bestalde, Euskaraldia hizkuntza jarreretan eragiteko dinamika den heinean, erronka pertsonalak hartu eta ekimenaren enbaxadore izango direnen Hamaikakoa osatu nahi dugu", azaldu du Uriak. Euskal Herri mailan eta baita beste hainbat herritan egin bezala, Belarriprest edo Ahobizi izango direnen hamaikako taldea osatu nahi dute.
Talde hori aukeratzeko prozesuan ere, pasaitarren parte-hartzea bultzatuko dute. Herritarren proposamenak labur.eus/Hamaikakoa-Pasaia helbidean bideratu daitezke, urtarrilaren 29a bitarte.
Ezaugarriak
Hamaikakoaren kide izateko hainbat baldintza bete behar dute. Hasteko, pasaitarrak izan behar dute, herrian bizi edo lan egitea. Gainera, euskararen erabileran eredu diren edo gehiago egiteko urratsak egin edo konpromisoak hartu dituzten norbanakoek osatuko dute talde motorea. Azkenik, Euskaraldia girotzen eta zabaltzen lagunduko duten enbaxadoreak izango dira.
“Beraz, pasaitarrak deitzen ditugu euskararen erabileran aktibatzaile izatera eta Euskaraldiaren Pasaiako Hamaikakoa osatzeko proposamenak egitera”, animatu dute.
Elkarrizketak
Euskaraldia arrakastatsua izan dadin, banan-banako elkarrizketak egiten hasi dira herrian. Udazkenean hasi ziren eta datozen hilabeteetan zabaltzen jarraitu nahi dute. Pasai Donibane, Pasai Antxo, Trintxerpe eta Pasai San Pedroko euskaltzaleen iritzi, kezka eta ideiak jasotzeko, eta, denboran zehar irautea nahi den euskararen aktibatzaileen sarea egiteko. Ildo horretan, prozesu honetan parte hartu nahi duenak pasaia@euskaraldia.eus helbidera idatz dezake.