45 kultura ekitaldi burutuko dira guztira Lezon 2025eko urtarriletik ekainera bitartean. Udal arduradunek aditzera eman dutenez, “programazio zabal eta anitz horrek publiko mota guztientzat pentsatutako jarduerak barnebiltzen ditu, hainbat tokitan eta diziplina ezberdinetan antolatuta”. Izan ere, Udalaren helburua kultura eskuragarri eta askotarikoa eskaintzea da, Lezoko bizilagun guztiei esperientzia aberasgarriak eskaintzeko.
Hortaz, egitarauan haurrei zuzendutako jarduerak, haur eta familia zinema, dantza, ipuin-kontaketak, literatura solasaldiak eta musika emanaldiak nabarmentzen dira. Gainera, antzerki familiarra, helduentzako antzerkia, zinema, hitzaldiak, literatur solasaldiak topatu ahal izango dira egitarauaren barruan.
Landutako 45 proposamen ia denak Gezala Auditoriumean garatuko dira, alabaina badaude kalean nahiz Tomas Garbizu musika eskolan egingo direnak, adibidez Lesoinu zikloaren barruko zenbait emanaldi, martxoaren 29tik maiatzaren 11ra burutuko dena.
Tokiko kultura
Kultura zinegotziaren, Jon Legorbururen, arabera, “kultura agendak Lezoko nortasuna eta komunitatea indartzen ditu, belaunaldi ezberdinak elkartuz eta gure kulturaren aberastasuna partekatuz”.
Bestalde, Xanti Val Kultura teknikariak tokiko kultura espazioek duten garrantzia azpimarratu du: “Udalerrian zehar ekimen ugari antolatzeko aukera ematen dute, tokiko ondare kulturala sustatuz”.
“Berriro ere, egitarau zabala eta sakona antolatu da, herriari bizia ematen dioten jarduerak dira eta adin tarte guztiei zuzenduak. Denetarik eta denontzat egongo dira”, azpimarratu du Xanti Valek. Aldi berean, Kultura teknikariak eskerrak eman nahi izan dizkie antolaketa lanetan izan direnei: Udal Liburutegia, Tomas Garbizu Musika Eskola, Lezoko Zinema Ttikia, nahiz Kultura Saileko langileak.
Negua eta udaberriko agenda kulturala lezo.eus webgunean ikus daiteke. Dagoeneko ekaina bitarteko ekitaldietarako sarrerak ere eros daitezke webgunean.